Ekonomia -
Bigarren greba eguna
Patronalaren arabera, itunpeko eskoletako grebak % 15eko jarraipena izan du; sindikatuen esanetan, % 65ekoa
Biek ala biek atzoko datu berbera eman dute bigarren greba egunean.
AGENTZIAK | EITB Media
Kristau Eskola patronalak esan du % 15,05eko jarraipena izan duela Euskadiko gizarte ekimeneko zentroetan deitutako bigarren greba egunak.
Hamar lanuztetik bigarrena zuten gaurkoa, Kristau Eskolaren eta AICE-IZEA patronalarekin sindikatuek abiatutako negoziazioan adostasun eza baita nagusi.
Ohar batean, Kristau Eskolak ziurtatu du 74 zentrotik ateratako datuetan oinarrituta eman duela jarraipenaren berri. "Guztira, 748 langilek egin dute planto", esan dute.
Sindikatuek, bestalde, adierazi dute % 65ekoa izan dela jarraipena. ELA sindikatuak, zehazki, X sare sozialaren bitartez aipatu du "oso nabaria" izan dela eragina, "gehiegizko gutxieneko zerbitzuak ezarri badituzte ere".
1¿¿1¿¿. greba egunean Gizarte Ekimeneko manifestazio nagusia martxan dago #Donostia|n.¿FESTA GIRO APARTA¿Beti bezala, grebaren jarraipena eta eragina oso nabaria izaten ari da @KristauEskola, @AiceIzea, @Ikastetxeak & @Ikasgiltza|ko ikastetxeetan.#GizarteEkimenaBorrokan pic.twitter.com/aS53Uv3INP
— ELA Hezkuntza (@ELAhezkuntza) January 18, 2024
Gaurko manifestazio nagusia Donostiako Aldapeta Maria ikastetxetik atera da 11:30 jota. Ibilbidean, "danborrada beltza" antzeztu dute, festa giroan, baina hitzarmen baten beharra aldarri.
Hitzarmena berritzeko akordiorik lortzen ez badute, urtarrilaren 23an, 24an eta 25ean egingo dituzte hurrengo hiru greba egunak. Ikastoletan lortutako aurreakordioak, baina, "itxaropena" sortu du batzuengan, eta Hezkuntza sailburu Jokin Bildarratzek, adibidez, bide bera hartzeko deia egin die itunpeko ikastetxeei.
Otsailerako, bestalde, ELA, LAB, UGT, CCOO eta Steilas sindikatuek beste bost lanuzte deitu dituzte (hilaren 6rako, 7rako, 8rako, 19rako eta 20rako). 130.000 ikaslerengan dute eragina deialdiok.