Ekonomia -

GAZTEEN EMANTZIPAZIOA

Eusko Jaurlaritzak "Emantzipa" programarako laguntzak arautzen dituen dekretua argitaratu du

Hilean 300 euroko laguntza otsailaren 20tik aurrera eskatu ahal izango da, eta bi urtez luzatuko da 25-29 urteko gazteen emantzipazio-prozesuetan laguntzeko. Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariak abenduaren 26ko 191/2023 Dekretuaren xedapen orokorrak jasotzen ditu gaurtik aurrera.

Emantzipa programa otsailetik aurrera izango da eskuragai. Argazkia: Pixabay.
Emantzipa programa otsailetik aurrera izango da eskuragai.
Emantzipa programa otsailetik aurrera izango da eskuragai. Argazkia: Pixabay.

N. B. | I. G. | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzak gazteen emantzipaziorako "Emantzipa" programarako laguntzak arautzen dituen dekretua argitaratu du gaur, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian.

Hilean 300 euroko laguntza otsailaren 20tik aurrera eskatu ahal izango da, eta bi urtez luzatuko da 25-29 urteko gazteen emantzipazio-prozesuetan laguntzeko. Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariak abenduaren 26ko 191/2023 Dekretuaren xedapen orokorrak jasotzen ditu gaurtik aurrera.

Batez beste, Euskadin 29,7 urterekin emantzipatzen dira gazteak, Europan baino hiru urte beranduago. Izan ere, 25 eta 29 urte bitartekoen % 32k soilik du etxe bat jabetzan edo alokairuan. Euskadiko gazte gehienak 30 urte bete ondoren emantzipatzen dira; zehazki, 30 eta 34 urte bitartean ( % 71,5).

Gazteen emantzipazioa arintzeko eta errazteko asmoz, Emantzipa laguntza-programa onartu du gaur Eusko Jaurlaritzak, eta 2024ko otsailean izango da eskuragarri. Jarraian, ekimen berri honen gakoak azalduko dizkizugu.

Zertan datza?

Hilean 300 euroko zuzeneko laguntza izango da, 25 eta 29 urte bitarteko gazteentzat. Laguntzak jaso ahal izateko, etxe berean gehienez hiru hartzaile izango dira. Laguntza 24 hilabetez jarraian kobratu ahal izango da.

Baldintzak

- Alokairu kontratua edota etxebizitza baten erosketa kontratua akreditatu

- EAEko edozein udalerritan erroldatuta egotea, eskaera egin aurretik urtebete gutxienez, edo azken hamar urteetan Euskadin hiru urtez jarraian erroldatuta egon izana egiaztatzea.

Emantzipa Programa

Noiz eskatu dezaket?

Dekretua gaur onartu bada ere, laguntzak eskatzeko epea otsailaren 20an irekiko da.

Beste laguntza batzuekin bateragarria izango da?

Bai, Emantzipa Programa bateragarria izango da Gaztelagun programarekin, Diru-sarrerak Bermatzeko Errentarekin, Bizitzeko gutxieneko diru-sarrerarekin, etxebizitza gastuetarako prestazio osagarriarekin edota gizarte-larrialdietarako laguntzekin, besteak beste.

Ezin izango dute laguntza jaso alokairuko babes publikoko etxebizitza bat edo jabetzako babes publikoko etxebizitza bat dutenek. 

Zenbateko iraupena du laguntzak?

Gehienez bi urtez kobratu ahal izango da Emantzipa programaren diru-laguntza. Guztira, gehienez 7.200 euro. Jasotakoa etxebizitza ordaintzera edota familia etxetik kanpo bizitzera bideratu beharko da.

Emantzipa Programa

Helburua

Emantzipazioaren batez bestekoa 28 urtera arte jaitsi nahi du Eusko Jaurlaritzak 2030. urterako. Egun, 29,7 urtean dago batez besteko hori. 

Jaurlaritzak aurreikusten du aurreneko urtean 15.000 gaztek baino gehiago jasoko dituztela laguntza horiek. Guztira, 53 milioi bideratuko ditu. 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eusko Jaurlaritza Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Gazteak Etxebizitza Dirulaguntzak