Ekonomia -
BIZKAIA
Sindikatuek anbulantzien aurkako sabotajeak gaitzetsi dituzte eta adierazi dute ez dakitela nork egin dituen
Ertzaintzak ikerketa abiatu du Bermeon goizaldean hil den emakume baten heriotzaren inguruan.
AGENTZIAK | EITB Media
Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako anbulantzietako langileak grebara deitu dituzten sindikatuek anbulantzien aurkako sabotajeak gaitzetsi dituzte, baina nabarmendu nahi izan dute Bermeon bihotz-biriketako geldialdian zegoen emakume bat artatzera joan behar zuten anbulantziek ez zutela erasorik jasan.
Ertzaintzak ikerketa abiatu du Bermeon larunbat goizaldean hil zen emakume baten heriotzaren inguruan, argitzeko anbulantzien sabotajeen ondorioz atzeratu ote zen zerbitzua, eta horregatik ez zen garaiz iritsi.
La Pau anbulantzia-kooperatibak salatu duenez, asteburuan Gernika-Lumoko larrialdi-zerbitzuko anbulantzia bat saboteatu dute, gurpilak zulatu eta beirak hautsi dizkiote, Bermeoko 71 urteko emakume bat artatzera zihoala. Anbulantzia hori Gernika-Lumoko basetik zihoan, Bermeoko baseko anbulantziak aurretik sabotajea jasan duelako, eta, ondorioz, ezin izan duelako larrialdi-irteera hori egin.
Hala ere, Antonio Frechilla LSB-USO sindikatuko ordezkariak gertaturikoari buruzko beste bertsio bat eman du. Hedabideei egindako adierazpenetan adierazi duenez, Gernikatik Bermeora emakume bat artatzera joan zen anbulantzia ez zen greban daudenetako bat, medikalizatua eta Osakidetzako langileena baizik. Horren arabera, "ez zuten saboteatu" eta gaixoa eraman ez bazuten suspertzea lortu ez zutelako izan zela. Ildo horretan, enpresari "maltzur" jokatzea aurpegiratu dio.
Bermeoko Udalak azalpenak eskatu ditu 71 urteko herritarraren heriotzagatik
Bermeoko Udalak doluminak eman dizkie larunbatean hildako 71 urteko emakumearen senideei, eta zer gertatu zen azaltzeko eskatu dio anbulantzia zerbitzua eskaintzen duen La Pau kooperatibari.
Irailetik 230 anbulantziari eraso diete
Ustez asteburuan gertaturikoa ez da sabotaje bakarra izan, irailaren 1tik 230 anbulantziari eraso egin dietela baieztatu baitu Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak.
Eraso guztiak salatu dituztela eta Ertzaintza horiek ikertzen ari dela gaineratu du.