Ekonomia -
Abenduko KPI
KPI %3,1ean gelditu da 2023a ixtean, elikagaien prezioak % 7,3ra jaisteak lagunduta
KPIa hiru hamarren jaitsi da Euskadin 2023ko abenduan, eta % 3,1ean kokatu da, etxebizitzaren prezioetan (elektrizitatea barne) % 6,8ko jaitsiera nabarmenarekin. Nafarroan, 2023an, urte arteko KPIa % 2,9koa izan zen abenduan, azken hilabetean hamarren bat jaitsi ondoren.
Agentziak | EITB Media
KPIa hiru hamarren jaitsi da Euskadin 2023ko abenduan, eta % 3,1ean kokatu da, etxebizitzaren prezioetan (elektrizitatea barne) % 6,8ko jaitsiera nabarmenarekin.
Estatistikako Institutu Nazionalak (INE) ostegun honetan argitaratutako datuen arabera, hileko tasa % 0,1 jaitsi da Euskadin. Lurraldeka, Arabak % 2,5eko urte arteko KPIa izan du, Bizkaiak % 3,2koa eta Gipuzkoak % 3,3koa.
Araban eta Gipuzkoan prezioek behera egin dute azaroarekin alderatuta (% 0,2), baina Bizkaian ez da aldaketarik izan.
Nafarroan, 2023an, urte arteko KPIa % 2,9koa izan zen abenduan, azken hilabetean hamarren bat jaitsi ondoren.
Espainian, Kontsumorako Prezioen Indizeak (KPI) aldaketarik gabe eutsi dio abenduan, aurreko hilarekin alderatuta. Urte arteko tasa hamarren bat murriztu da, % 3,1era arte. Izan ere, elikagaien prezioak ia bi puntu moteldu zuen hazkundea, % 7,3raino, eta edari alkoholdunen eta tabakoaren urte arteko hazkundea ia lau puntu leundu zen, % 3,7raino.
Espainiako Estatistika Institutuak (INE) ostiral honetan argitaratutako KPIren behin betiko datuek, joan den hilaren amaieran aurreratutakoak baieztatu dituzte. Elkagaien prezioaren bilakaera lekaleen eta barazkien merkatzeak eragin dute, bai eta, 2023ko abenduan, esne, arrautza, gazta, ogi, zereal eta haragiaren prezioak 2022ko hilabete berean baino gutxiago igo izanak ere.
Txanponaren ifrentzuan, garraioaren prezioen igoera; urte arteko tasa ia lau puntu igo baita, % 3,9raino, 2023ko abenduan ibilgailu pertsonalentzako erregaien prezioa ez zelako jaitsi 2022ko hilabete berean bezainbeste.
Abenduan urte arteko tasa % 3,1era jaitsita, bi hilabetez jarraian egin du behera inflazioak, eta abuztutik izan duen mailarik txikienera jaitsi da, orduan % 2,6koa izan zen tasa.
Azpiko inflazioa (elaboratu gabeko elikagaiak eta produktu energetikoak kanpo utzita kalkulatzen dena) zazpi hamarren jaitsi zen abenduan, % 3,8ra arte. KPI orokorra baino zazpi hamarren handiagoa izan da, beraz, eta 2022ko martxotik izandako baxuena, orduan % 3,4koa izan zen.
Hileko datuei dagokienez (2023ko abendua, urte bereko azaroarekin alderatuta), KPIk ez du aldaketarik izan, pakete turistikoen eta elektrizitatearen prezioak igo arren, erregaien, jantzien eta oinetakoen prezioak jaitsi egin baitira, azken biak neguko merkealdiaren ondorioz.
2023ko azken hilabetean, Kontsumoko Prezioen Indize Harmonizatuak (KPI) % 3,3ko urte arteko tasa izan zuen, aurreko hileko bera. Bestalde, KPIaren hileko aldakuntza % 0,0koa izan zen.