Ekonomia -

Negoziazio kolektiboa

Euskal hitzarmenen lehentasuna itxaronaldian sartu da, neurria bertan behera geratu ondoren

Baliteke Espainiako Gobernuak lan-arloko edozein neurri Ministroen Kontseilura edo Diputatuen Kongresura eramaten duenean berriro indarrean jartzea, Euskal Herriko hainbat gizarte-eragilek eskatzen duten bezala.

Bi behargin lanean. Argazkia: EFE
Bi behargin lanean. Argazkia: EFE
Bi behargin lanean. Argazkia: EFE

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EAJk eta PSOEk inbestidura akordioan adostutako euskal hitzarmenen lehentasuna edo nagusitasuna, estatukoen eta sektorialen gainetik – betiere langileentzat onuragarriagoak badira –, bertan behera geratu da, asteazkenean Diputatuen Kongresuan langabezia-sorospenaren errege-dekretua atzera bota zelako. Horrela, neurria itxaronaldian sartu da.

Langabezia-sorospenari buruzko dekretua da Espainiako Gobernuak aurkeztu dituen lehen hiruretatik ezohiko osoko bilkuran baliozkotu ez zuten bakarra. Podemos erabakigarria izan zen azkenean, aurkako botoekin, Yolanda Diazen Ministerioaren testua bertan behera uzteko. PPk, Voxek eta UPNk ere errefusatu egin zuten.

Hala ere, baliteke Espainiako Gobernuak lan-arloko edozein neurri Ministroen Kontseilura edo Diputatuen Kongresura eramaten duenean berriro indarrean jartzea, Euskal Herriko hainbat gizarte-eragilek eskatzen duten bezala.

Idoia Sagastizabal diputatu jeltzaleak, bozketaren aurretik egindako hitzaldian, esan zuen nahiz eta neurri horrek indarrean ez jarraitu, "ahalik eta lasterren" legediaren parte izango dela.

Ordezkari jeltzaleak gogorarazi zuen euskal hitzarmen kolektiboen lehentasuna ez dela "hutsala", "herrialde baten garapen ekonomikorako funtsezko gaiak arautzen dituztelako, hala nola soldatak, lanaldia, aparteko orduak, oporrak, eta are gehiago Euskadiren kasuan, bertan ordezkaritza handiena duten sindikatuek ez baitute ordezkaritzarik Estatuan", haren errealitate sindikalak "ez baitu zerikusirik". Hori dela eta, EAJ "adi" egongo da nagusitasun hori berriro indarrean sar dadin Espainiako Gobernuak Ministroen Kontseilura lan-arloko edozein lege-dekretu eramaten duenean.

Bestalde, ELA sindikatuak kritikatu du langabezia-sorospenaren erreforma eta, ondorioz, hitzarmen autonomikoen lehentasuna ez dela aurrera atera, "dekretu berak murrizketak eragiten zituzten beste neurri batzuk zekartzalako".

"Dekretuak murrizketa onartezina zekarren 52 urtetik aurrera langabezia-sorospena jasotzen zuten pertsonen kotizazioetan (% 125etik % 105era murriztea)", salatu du sindikatu abertzaleak.

Gainera, ELAk aldarrikatu du hitzarmen propioen lehentasuna lortzea "euskal langileen urteetako borroken eta greben ondorioa" izan dela, eta, horregatik, EAJri eta EH Bilduri Espainiako Gobernuarekin dituzten negoziazioetan "ezinbesteko osagaia" izaten jarraitzeko eskatu die.

"Espainiako Gobernuak ohitura antidemokratikoa du neurriak dekretu berean nahastuz izapidetzeko, eta horrek testua osorik onartzea edo baztertzea dakar, aldatzeko aukerarik gabe", deitoratu du. Hori dela eta, hitzarmen propioen lehentasuna berriro eztabaidatzeko eskatu du, "beste neurri batzuekin nahastu gabe, eta are gutxiago murrizketekin".

LABeko koordinatzaile nagusi Igor Arroyoren ustez, "Euskal Herriko alderdi politikoek lehentasuntzat hartu beharko lukete eta aukera aprobetxatu dekretua hobetzeko".

Arroyoren hitzetan, "dekretuak argiak eta itzalak zituen". X sare sozialean azaldu duenez, orain "aukera zabaltzen da dekretuaren edukiak hobetzeko, euskal negoziazio kolektiboa blindatzeko eta Estatuaren esparruarekiko mendekotasuna gainditzeko, negoziaziorako euskal esparrua berreskuratzeko eta indartzeko".

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Diputatuen Kongresua Politika EAJ-PNV Nafarroa Eusko Jaurlaritza berriak ELA LAB Euskal Autonomia Erkidegoa Espainiako Gobernua bideoak Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Sindikatuak Enpresaburuak