Ekonomia -
Garraioa
Bizkaibusek % 50 merkatuko ditu prezioak urtarrilaren 14tik, eta urtebetez
Bizkaiko Foru Aldundiak gogorarazi du behin-behineko abonuek (Bidai 50, Bidai 70, Bidai Oro, Gazte 70 eta Gazte Oro) % 20ko deskontua dutela, abenduaren 26tik.
EITB MEDIA
Bizkaiko Foru Aldundiak ostegun honetan onartu du % 50eko deskontua egitea Barik txartela erabiltzen duten Bizkaibuseko bidaiariei, urtarrilaren 14tik hasita eta 2025eko urtarrilaren 13ra arte.
Bizkaibusen zerbitzuan, Creditrans eta Gizatrans txarteletan, Aldundiak du deskontuak zuzenean aplikatzeko eskumena, gaur bertan prentsaurrekoan gogora ekarri dutenez.
Prezioak % 50 merkatuta, Aldundiak "azkartasunez jokatu du, urtebetez ohiko bidaiarien tarifei hobaria emanez", Leixuri Arrizabalaga bozeramaileak azaldu duenaren arabera.
Garraioko deskontuen inguruan PSOEk eta Juntsek egindako akordioari buruz galdetuta, "alderdi politikoen negoziazioen menpe dauden itunak" direla esan du, alegia, "Aldundiarekin zerikusirik ez dutenak".
Hain justu, Ogasun ministro Maria Jesus Monterok gaur aurreratu du Juntsekin adostutako akordioa zertan datzan. Haren hitzetan, aurrerantzean Estatuak ematen duen % 30eko hobariak ez ditu erkidegoak tarifak % 20 gehiago merkatzera baldintzatuko.
Bestalde, Bizkaiko Foru Aldundiak gogorarazi du behin-behineko abonuek (Bidai 50, Bidai 70, Bidai Oro, Gazte 70 eta Gazte Oro) % 20ko deskontua dutela, abenduaren 26tik.