Ekonomia -

ELIKAGAIAK

Esnea, arrautzak eta haragia dira erosketa-saskian gehien garestitu diren elikagaiak

Elikagaien kontsumoko prezioen indizea % 18 eta % 50 artean igo zen Euskadin 2021eko urtarriletik 2023ko abuztura bitartean, baina Lehiaren Euskal Agintaritzak ez du "lehiaren kontrako jokaerarik" atzeman prezioen gorakadan.

Esnea, arrautzak eta haragia dira gehien garestitu diren elikagaiak. Irudia: EITB Media
Esnea, arrautzak eta haragia dira gehien garestitu diren elikagaiak. Irudia: EITB Media
Esnea, arrautzak eta haragia dira gehien garestitu diren elikagaiak. Irudia: EITB Media

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Erosketak egitea gero eta garestiagoa da, eta horrek nabarmen zailtzen du elikagai osasuntsuak eskuratzeko aukera. Hain zuzen ere, esnea, arrautzak eta haragia dira azken hilabeteotan erosketa-saskian gehien garestitu diren elikagaiak; bereziki, produkzio-fasean, Lehiaren Euskal Agintaritzak (LEA/AVC) ostegun honetan zabaldu duen txosten baten arabera.

2021eko urtarriletik 2023ko abuztura bitartean, nabarmen igo dira elikagaien prezioak Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE). "Kontsumitzaileen erosteko ahalmena murriztu du joera horrek. Kasurik onenean, kontsumo-ereduak produktu eskuragarriago edo kalitate txikiagokoetara aldatzera behartuta ikusi dira herritarrak, eta, okerrenean, elikadura osasungarri eta orekatu bat izatea zailtzen die", adierazi du Lehiaren Euskal Agintaritzak.

Aurretik aipatutako epe horretan, elikagaien kontsumoko prezioen indizea % 18 eta % 50 artean igo zen Euskadin, txikizkako banaketaren kasuan. Hala ere, erakundeak ez du "lehiaren kontrako jokaerarik" atzeman prezioen gorakadan.

Nabarmentzekoa da esnearen prezioak izan duen igoera (ia % 50 garestiago), baita arrautzen prezioak ere (% 42). Azterlanaren arabera, "zifrak Espainia osoan ikusitakoa baino pixka bat txikiagoak dira". Dena dela, erosketa-saskia garestitu izanak nabarmen zailtzen du herritarrek elikagai osasuntsuak eskuratzeko aukera.

Datuak aztertuta, 2022an jazo zen elikagaien prezioen igoerarik nabarmenena, batik bat, Ukrainako gerraren hasierak lehengaien eta energiaren prezioetan izandako eragina dela eta. Txostenaren arabera, horixe da ekoizpen-, eraldaketa- eta banaketa-prezioen igoeraren arrazoi nagusia, eta igoera horiek, kasu askotan, ez zuten aurrekaririk.

Zehazki, aztertutako aldian hazkunderik handiena izan duen produktua esnea izan da (% 49,5). Jarraian, arrautzak (% 42) eta, ondoren, behi-okela (% 23,2), ogia (% 19) eta hegazti-haragia (% 18,9). Hazkunderik txikiena arrain freskoak eta izoztuak izan dute (% 18,2).

2023ari dagokionez, dokumentuaren arabera, kasu gehienetan inflazio-joera moteldu egin da, produktu batzuen prezioak egonkortu egin baitira, baita jaitsi ere. Hala ere, beste batzuek, hala nola txarkuteriak edo esneak, gora egiten jarraitu dute, modu neurrizkoagoan bada ere. 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euskal Autonomia Erkidegoa KPI albisteak Albisteak Gizartea Ekonomia Eguneko albisteak Kontsumoa Elikagaiak gaur albisteak Erosketa saskia