Ekonomia -

Hezkuntza

10 greba egun gehiago deitu dituzte urtarrila eta otsailerako EAEko gizarte ekimeneko ikastetxeetan

ELA, Steilas, CCOO, LAB eta UGT sindikatuek greba, Kristau Eskola eta AICE-IZEA patronala bultzatzeko 2021ko abendutik iraungita dagoen lan hitzarmena berritzeko negoziaketara.

Gizarte ekimeneko ikastetxeetako langileen mobilizazioa. EITBren bideo bateko irudia
Gizarte ekimeneko ikastetxeetako langileen mobilizazioa.
Gizarte ekimeneko ikastetxeetako langileen mobilizazioa. EITBren bideo bateko irudia

Mikel Dominguez | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskal Autonomia Erkidegoko gizarte ekimeneko ikastetxeetan beste hamar egunetan egingo dute greba, Gabon oporraldiaren ostean, ELA, Steilas, CCOO, LAB eta UGT sindikatuek deituta. Lan hitzarmen berria negoziatzeko eskatzen diote Kristau Eskola eta AICE-IZEA sektoreko patronal nagusiei.

Zehazki, greba deitu dute urtarrilaren 17, 18, 23, 24 eta 25erako eta otsailaren 6, 7, 8, 19 eta 20rako. Aurretik, urrian eta abenduan, bederatzi egunez egin zuten greba. Sindikatuen arabera, % 65ko jarraipena izan zuen deialdiak, bataz beste.

Gizarte ekimeneko itunpeko ikastetxeetako lan hitzarmena 2021etik dago iraungita. Sindikatuek salatzen dutenez, "onartezina eta arduragabekeria" da egindako greben ondoren patronalak testua berritzeko mahairik ez deitzea eta proposamenik ez egitea.

Hala ere, aitortu dute patronalen aldetik "mugimenduak" egon direla, baina "ez da ez negoziaketa errealik egon ez eta proposamenik mahai gaineratu ere".

Bestalde, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailari gatazka bideratzeko esku har dezala eskatzen diote, ez baita "edozein eragile, eta badu zeresanik langile hauen lan baldintzen inguruan".

Aldarrikapen nagusien artean daude lan zama arintzea, sektore feminizatu eta prekarizatuak hobetzeko neurriak, KPIa bermatzeko soldata igoerak eta lanpostuak mantentzeko neurriak, besteak beste.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Grebak gaur Gizartea Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Hezkuntza Sindikatuak Espainian Lan gatazkak