Ekonomia -
LAN-ESKUBIDEAK
ELAk greba deitu du abenduaren 24rako Ikean eta Carrefourren, Nafarroan, atsedenerako eskubidea aldarrikatzeko
Igande eta jaiegunetan irekitzeak "saltoki handiei bakarrik egiten die mesede, lan baldintzen eta merkataritzan lan egiten dutenen kontziliazioaren kaltetan", salatu du ELAk ohar batean.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
ELA sindikatuak greba deitu du Nafarroako Ikea eta Carrefour zentroetan abenduaren 24rako, langileen "atsedenerako eskubidea aldarrikatzeko".
Komunikabideetara igorritako ohar batean salatu duenez, igande eta jaiegunetan irekitzeak "saltoki handiei bakarrik egiten die mesede, lan baldintzen eta merkataritzan lan egiten dutenen kontziliazioaren kaltetan".
"Kontuan izan behar da merkataritzan lan egiten duten pertsona gehienek urtean 270 egunetan baino gehiagotan egiten dutela lan, astean atseden egun bakarra dutela. Igande eta jaiegunetan irekitzeak langileen lan-zama handitzea baino ez dakar", ohartarazi du sindikatuak.
"Nafarroako Gobernuak CENi jaiegunetan irekitzeko araudiean ematen dion legezko estaldura" ere salatu du sindikatuak. "Bi enpresa desberdinetako bi greba deialdi dira, baina arazo bera dute: kontziliazioa. Horregatik, langileek geldialdia egitea erabaki dute, kontziliaziorako eta atsedenerako eskubidea aldarrikatzeko", esan du ELAk.
Bestalde, ehungintzako eta oinetakogintzako sektoreak ere grebara deituta daude abenduaren 24rako.