Ekonomia -

EUSKO LEGEBILTZARRA

Legealdiko azken Aurrekontuak onartu dituzte, EAJren eta PSE-EEren botoekin

EAJk eta PSE-EEk aldeko botoa eman diete EAEko 2024ko Aurrekontuei, Eztabaidan, akordioak lortzeko "borondate eza" leporatu diote elkarri Gobernua babesten duten taldeek eta oposiziokoek.

Aspiazu, Mendia eta Urkullu, Legebiltzarrean. Argazkia: EFE
Aspiazu, Mendia eta Urkullu, Legebiltzarrean.
Aspiazu, Mendia eta Urkullu, Legebiltzarrean. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EAJk eta PSE-EEk legealdi honetako azken Aurrekontuak onartu dituzte gaur goizean Eusko Legebiltzarrean. Eztabaidan, Gobernua babesten duten taldeek eta oposiziokoek akordioak lortzeko borondate eza leporatu diote elkarri. 

Oposizioko taldeen emendakinik ez da sartu Aurrekontuetako testuan. Talde horiek guztiek proiektua atzera botatzea eskatu zuten, osoko emendakinak aurkeztuta. 

Gasteizko ganberan gaur egin den eztabaidan, Alaitz Zabala EAJko legebiltzarkideak oposizioko taldeei egotzi die negoziatzeko borondaterik ez izatea eta proposamenak egiten dituztenaren "itxurak egitea". Zabalaren hitzetan, aipaturiko taldeek ez dute "ekarpenik" egin nahi izan aurrekontu proiektuan.

Ekain Ricok (PSE-EE) adierazi duenez, Eusko Jaurlaritza sostengatzen duten taldeek politika publikoak babesteko "15.000 milioi euro" jartzen dituzten bitartean, taldeek ez dute aurrekontu proiektuaren % 4 aldatzea proposatu dute.

EH Bildutik, Leire Pinedok aurrekontu "kontinuistak" direla salatu du. Horrez gain, autokritikarik ez egitea eta Legebiltzarrean duen "gehiengoa" baliatzea aurpegiratu dio koalizio gobernuari.

David Soto Elkarrekin Podemos-Ezker Anitza legebiltzarkidearen esanetan, gaur onartutako Aurrekontuak "aukera galdua" dira eta "anbizioa" falta zaie Osakidetzaren egoerari eta zaintza sistemaren krisiari eta krisi klimatikoari aurre egiteko.

Ignacio Gordillok (PP) hitz egiteko jarrerarik ez izatea eta kritikak albo batera uztea leporatu dio gobernuari.

Jose Manuel Gilen (Ciudadanos) iritziz, Aurrekontuak "gehiegizkoak" dira, baina ez dute balio zerbitzu publikoak "hobetzeko".

Bestalde, Voxeko Amaia Martinezen arabera, "hilzorian" dagoen eredu politiko baten isla dira Aurrekontuak.

Elektoralismoa egotzi dio Azpiazuk oposizioari

Eusko Legebiltzarreko saioa amaituta, Pedro Azpiazu Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun sailburuak esan du oposizioaren jarrerak "tristatu" egiten duela.

Azpiazuk azaldu duenez, talde horiek errealitate "tremendista eta kaotikoa" aurkezteko egindako ahaleginaren aurrean, aurrekontu horiek "egonkortasuna eta ziurtasuna bermatzen dute", ziurgabetasunak" markatutako garai honetan.

15.000 milioi eurotik gorako Aurrekontuak

Eusko Jaurlaritzako hiru sailek —Osasuna, Hezkuntza eta Lan eta Enplegua— 2024rako Eusko Jaurlaritzak prestatu duen aurrekontu proiektu osoaren (15.025 milioi euro) % 65 pasatxo jasoko dute. 

Proiektuak 4.896 milioi euro bideratuko dizkio Osasun Sailari, eta horietatik ia % 80 Osakidetzak jasoko du. Hezkuntza Sailak 3.672 milioi euro izango ditu datorren urtean. Besteak beste, ikastetxe publikoetako langileentzat aurreikusitako partida % 5,4 haziko da eta azpiegituretako inbertsioena, % 31,3.

Bestalde, Idoia Mendia lehendakariordea buru duen sailak, Lana eta Enplegua departamentuak, 1.177,4 milioiko partida izango du. Gehiena, 641 milioi euro, prestazioetara bideratuko dute: diru-sarrerak bermatzeko errenta (DSBE, 382 milioi), bizitzeko gutxieneko bitarteko diru-sarrera (BGDS, 180 milioi), eta etxebizitzako gastuetarako prestazio osagarria (79 milioi). Lanbideri dagokion partida 1.161,7 milioikoa izango da.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
EAJ-PNV Ekonomia PSE-EE Eguneko albisteak Albisteak EAEko Aurrekontuak