Ekonomia -

Telekomunikazioak

Espainiako Gobernuak Telefonicaren % 10 erosiko du, eta akziodun nagusi bihurtuko da

Calviñoren esanetan, Espainiako "enpresa estrategikoena" da, "telekomunikazioetan eta teknologia berrietan duen garrantziagatik, eta baita segurtasun eta defentsa arloan duen pisuagatik". % 6tik gorako igoera izan dute Telefonicaren akzioek burtsan.

Espainiako Gobernuak Telefonicaren % 10 erosiko du
Espainiako Gobernuak Telefonicaren % 10 erosiko du
Espainiako Gobernuak Telefonicaren % 10 erosiko du

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Espainiako enpresa publikoen elkarteak (Sepi) Telefonicaren kapitalaren % 10 erosiko du, STC talde saudiari aurre egiteko, Gobernuak adostu duenez.

Espainiako burtsak arautzen dituen Baloreen Merkatuko Batzorde Nazionalari eman dio neurriaren berri Sepik, eta iragarri du asmo duela "kotizazioan eragina murriztuta, prozesua abian jartzea, behar adina akzio erosteko".

STC Group telekomunikazio enpresak iragan irailean aurreratu zuen Telefonicaren % 9,9 erosiko zuela, 2100 milioi euroren truke. Hain zuzen ere, erosketa horrek bultzatu du Espainiako Gobernua kapitalaren % 10 erostera.

Erosketa baieztatuz gero, beraz, telefono konpainiaren lehen akziodun bihurtuko litzateke Sepi, % 10eko parte-hartzearekin (2050 milioi euro). Izan ere, Telefonicak 20.500 milioi euroko kapitalizazioa du gaur egun.

Albistearen berri izan ostean, lehen presidenteorde eta Ekonomia ministro Nadia Calviñok adierazi du Europako beste herrialde batzuekin (besteak beste, Frantzia eta Alemania) lerrokatuta doala erabakia. Herrialde horiek parte-hartze publikoa indartzen ari dira telekomunikazio enpresa handietan.

Calviñoren esanetan, Espainiako "enpresa estrategikoena" da Telefonica, "telekomunikazioetan eta teknologia berrietan duen garrantziagatik ez ezik, segurtasun eta defentsa arloan duen pisuagatik ere". 

Telefonicaren akzioak nabarmen igo dira

% 6tik gorako igoera izan dute Telefonicaren akzioek burtsan, Gobernuaren erabakia ezagutu denetik. Zehazki, Ibex 35-ean duten balioa % 6,45 handiagoa zen gaur, merkatua ireki dutenean: akzio bakoitzeko 3,795 euro.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Espainiako Gobernua Telefonia mugikorra Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Enpresaburuak