Ekonomia -
Europako Inbertsio Bankua
Nadia Calviño izango da Europako Inbertsio Bankuaren presidente berria
Espainiako lehen presidenteorde eta Ekonomia ministroa aukeratu dute EBko banku publiko handiena gobernatzeko. Irabazteko, bankuaren kapitalaren % 68ren eta gutxienez 18 estatu kideren babesa izan behar du hautagaitzak. Calviño izan da babes hori lortu duen bakarra.
Agentziak | EITB Media
Nadia Calviño Espainiako Gobernuko lehen presidenteorde eta Ekonomia ministroak Europako Inbertsio Bankuaren (EIB) presidente izateko babesa lortu du ostiral honetan, eta kargu hori hartuko du 2024ko urtarrilaren 1etik aurrera, Werner Hoyer alemaniarraren ordez.
Babes nahikoa lortu duen hautagai bakarra dela egiaztatu ondoren, Vincent van Peteghem Belgikako Finantza ministroak (EIBko Gobernadoreen Kontseiluko txandakako presidentea) EIBren Administrazio Kontseiluari egingo dio proposamena, azken bozketa ofiziala egin dadin.
Hautagai irabazleak bankuaren kapitalaren % 68ren eta gutxienez 18 estatu kideren babesa izan behar du. Estatu kide horien partaidetza Europar Batasunean sartzean BPGan adierazitako pisu ekonomikoaren arabera banatzen da (Espainiak % 9,66ko ekarpena egiten du), eta, beraz, ezinbestekoa da EBko potentzia ekonomiko nagusien babesa.
Datozen sei urteetan presidente izango denak Margrethe Vestager daniarra izan du aurkari nagusi, baina baita Teresa Czerwinska poloniarra, Daniele Franco italiarra eta Thomas Östros suediarra ere.
Kontseiluak 1958an ezarritako arau baten arabera, EIBko presidenteak Europako Batzordeko presidentearen hileko soldata bera jasotzen du, eta, beraz, Calviñok, Ursula von der Leyenek bezala, 375.000 euro inguru jasoko ditu urtean, hau da, hilean 30.000 eurotik gorako soldata.