Ekonomia -
LAN-ISTRIPUA
66 urteko langile bat hil da Erandioko Astilleros Murueta ontziolan izandako lan-istripuan
ELA sindikatuak salatu duenez, 2023an 48 langile hil dira Hego Euskal Herrian izandako lan-istriputan.
EITB MEDIA
66 urteko langile bat hil da gaur arratsaldean Erandioko Astilleros Murueta ontziolan izandako lan-istripuan. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakitera eman duenez, 14:00k inguruan izan da ezbeharra. Antza, metalezko xafla baten azpian harrapatuta geratu da langilea, eta tokian bertan zendu da.
Ohar batean, ELA sindikatuak salatu du 2023 urte honetan jada 48 direla lantokietan hil diren langileak Hego Euskal Herrian. Hori salatzeko, mobilizazioak iragarri ditu ELAk datozen egunotarako.
"Lan-kargek, lan-erritmo zorrotzek eta erabiltzen den makineria astun eta arriskutsuak areagotu egiten dute lan-istripuak edo lan-gaixotasunak izateko arriskua, prebentzio neurriak behar bezala hartzen ez badira", ohartarazi du ELAk.