Ekonomia -

ZIGOR EKONOMIKOA

30.000 euroko isuna ezarri diote Yelmo Cines enpresari, kanpoko janaria sartzen ez uzteagatik

Isuna ez da oraindik irmoa, Yelmo Cinesek errekurtsoa aurkeztu baitu, eta, beraz, oraindik ez da amaitu prozesu administratiboa, Kontsumobidek azaldu duenez.

Arteako Yelmo zinemetako erakustoki bat.
Arteako Yelmo zinemetako erakustoki bat.
Arteako Yelmo zinemetako erakustoki bat.

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Kontsumobide Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailari atxikitako erakunde autonomoak 30 001 euroko isuna ezarri dio Yelmo Cines enpresari, ikusleei kanpoan erositako elikagaiak instalazioetara sartzen ez uzteagatik.

Kontsumoko Euskal Institutuak ikerketa bat hasi zuen urtarrilean, zortzi partikularrek eta bi kontsumitzaile elkartek (EKA/ACUV eta Facua-Consumidores en Accion) salaketak jarri ondoren.

Isuna ez da oraindik irmoa, dena dela, Yelmo Cinesek errekurtsoa aurkeztu baitu, eta, beraz, oraindik ez da amaitu prozesu administratiboa, Kontsumobidek azaldu duenez.

EKA elkarteak salatu du Bizkaiko Megapark eta Artea zinemetan eta Gasteizko Boulevarden debekatuta dagoela urte hasieratik instalaziotik kanpo erositako elikagaiak eta edariak sartzea. Erakundeak uste du "praktiba abusiboa" dela eta 150.000 eurorainoko isuna ezartzea eskatu zuen bere salaketan, "kontsumoko arau-hauste larria" delakoan.

"Yelmo Filmsen jarduera nagusia filmak erakustea da, eta ez da legezkoa kanpoko elikagaiak sartzea debekatzea, zure jarduera nagusia ostalaritza ez bada edo oro har debekatzen ez bada", azaldu du EKAk ohar batean.

Facuaren salaketak ere gauza bera argudiatzen du. Kontsumitzaileen elkarte honek salatu duenez, Yelmo kateak kartelak ditu bere zinema-aretoetan "sarrera eskubidea debeka dezakeela esanez, kanpoko janariarekin sartuz gero" eta gauza bera adierazten du bere webgunean ere, baina Facuak uste du hori legearen aurka doala: "Jana eskaintzea ez da zinemaren funtsezko jarduera, eta, beraz, ezin du onarpen eskubide hori erabili jatetxe bat balitz bezala", argudiatu dute.

Yelmo Cines enpresak badu zinema areto bat Nafarroan ere, Uharteko Itaroa merkataritza gunean, hain zuzen ere.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bizkaia Araba Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Gizartea Ekonomia Zinema Eguneko albisteak Albisteak Aisia Isunak gaur Kontsumoko Euskal Institutua