Ekonomia -

Etxebizitza

Stop Kaleratzeakek salaketa jarri du Banco Santanderren aurka Jardunbide Egokien Kodea "urratzeagatik"

Etxegabetzeko agindua jaso duen familia bat bost urteko gabezia bankuak noiz sinatuko zain dago, baina ez du erantzuten eta tasatzaile bat eskatu du etxea lehenbailehen enkantean jartzeko.

Stop Kaleratzeen kartelak. Argazkia: EITB
Stop Kaleratzeen kartelak. Argazkia: EITB
Stop Kaleratzeen kartelak. Argazkia: EITB

agentziak | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Stop Kaleratzeakek salaketa jarri du Banco Santanderren aurka Jardunbide Egokien Kodea "urratzeagatik", eta ohartarazi du "abisua" dela gainerako banketxeentzat ere.

Rosa Garcia plataformaren bozeramaileak eman du salaketaren berri, Donostiako Askatasuna etorbidean Banco Santanderren sukurtsal baten aurrean egin duten elkarretaratzean. Familia bat etxegabetzeko arriskuan dagoela salatzeko egin dute protesta ekitaldia.

Stop Kaleratzeakek azaldu duenez, "familia zaurgarri honek higiezinen burbuila betean erosi zuen etxebizitza Altza auzoan, eta 245.000 euro ordaindu zituen 45 metro koadrorengatik".

Ondoren, krisiaren ondorioz, kuotak ordaindu ezinda geratu zen familia, eta bankuak etxegabetzeko agindua eman zuen, 12 hilabete baino gehiagoz kuotak ordaindu gabe egon zelako.

Baina Jardunbide Egokien Kodeak "hipotekadun zaurgarrien edo prekarioen etxegabetzeak galarazteko bost urteko gabezia aurreikusten du".

Familia horrek ekainaren 22an egin zuen mekanismo hori baliatzeko eskaera, eta berriro, irailaren 20an. Baina bankuak ez du erantzun, nahiz eta hilabeteko epea izan horretarako.

Gabezia horren bitartez, "erregularizatu egiten da ordaindu gabeko hipoteka, eta bankuari salaketa artxiba dadila eskatzera behartzen zaio".

Baina Banco Santanderrek jada eskatu du tasatzailea, "etxebizitza lehenbailehen enkantean jartzeko".

Stop Kaleratzeakentzat "guztiz gatzesgarria" da jokabide hori, eta horregatik, salaketa jarri dute erakundearen aurka. Plataformak "bost urteko gabezia sinatzeko" eta "etxegabetze salaketa artxibatzeko eskaera egiteko" eskatu dio bankuari.

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Donostia Etxegabetzeak gaur Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Etxebizitza