Ekonomia -
''Zibergabonak'' kanpaina
Eusko Jaurlaritzak kanpaina bat abiarazi du Gabonetan Internet bidezko erosketetan segurtasuna sustatzeko
Urtarrilaren 1etik urriaren 31ra bitartean ia 20.000 ziberdelitu salatu dituzte Euskadin, gehienak ziberiruzurrak. Iruzur horien eragin ekonomikoa 26 milioi eurokoa izan daiteke urteko lehen 10 hilabeteetan.
N. B. | EITB MEDIA
Eusko Jaurlaritzak Internet bidez erosteko ohitura seguruak bultzatzeko eta segurtasuna sustatzeko sentsibilizazio-kanpaina berria aurkeztu du gaur Bilbon, aurten ziberiruzurrek gora egin baitute Euskadin.
"Cibergabonak - Argi ibili eta burua erabili" lelopean, kanpainak herritarrak merkataritza elektronikoaren arriskuez kontzientziatzea du helburu, batez ere erosketak ugaritzen diren Gabonetan.
Horretarako, Eusko Jaurlaritzak baliabide tradizionalen mix bat erabiliko du, baita gazteei gehiago zuzendutako online edukiak eta sare sozialetakoak ere, hala nola Youtube, Spotify, Tik Tok edo Instagram, besteak beste. Kanpaina asteazken honetan hasiko da, Zibersegurtasunaren Munduko Egunaren bezperan, eta abenduaren 22ra arte luzatuko da.
Segurtasun sailburu Josu Erkorekak, Ekonomia eta Ogasun sailburu Pedro Azpiazuk eta Turismo, Merkataritza eta Kontsumo sailburu Javier Hurtadok kanpainaren aurkezpenean nabarmendu dutenez, gero eta gehiago erabiltzen dira sare sozialak eta ingurune digitalak, eta, ondorioz, gero eta gehiago dira merkataritza elektronikoa eta online banku-eragiketak. Transakzio horien gorakada hori ziberiruzurren bilakaeraren parekoa da, eta gero eta sofistikatuagoak dira.
Erkorekaren esanetan, Euskadin egiten diren 4 delituetatik 1 dagoeneko Internet bidez egiten da. Ertzaintzaren datuen arabera, aurtengo urtarrilaren 1etik urriaren 31ra bitartean 19.129 delitu izan dira sarean, 56.805 delitu presentzialen aldean. Gehien-gehienak, % 95, jabetzaren aurkako ziberdelituak dira, eta horien artean ohikoena ziber-iruzurra da: % 89.
Hori horrela, aurten, 17.061 ziberiruzur erregistratu dira, hau da, aurreko urteko aldi berean baino % 29 gehiago: % 52 Bizkaian, % 32 Gipuzkoan eta % 16 Araban.
Segurtasun sailburuak adierazi duenez, ziberiruzurrak gizartean delitu ez hain larritzat hartzen dira "pertsonen osotasunaren aurka egiten ez dutelako, baina egia esan, galera ekonomiko handiak eragiten ditu pertsonentzat, erakundeentzat eta enpresentzat". "Iruzurrezko edo jatorri ezezaguneko karguez ari gara, neurri handi batean, eta biktimek ez dakite nola egin dieten iruzur", gaineratu du.
2023ko lehen 10 hilabeteetan Euskadin salatu diren ziberiruzurren eragin ekonomikoa 26 milioi eurokoa izan daiteke. Horietatik heren bat ez da 100 eurotik gorakoa.
Erkorekaren arabera, "delinkuentzia modu berri eta ezezagun bati aurre egin behar diogu, goraka doana, eta erakundeak, enpresak eta pertsonak geure burua ziberbabestera behartzen gaituena".
Ildo horretan, Segurtasun sailburuak gogorarazi du Euskadik dagoeneko baduela Zibersegurtasunaren Euskal Agentzia bat, Cyberzaintza, eta iragarri du Ertzaintzako unitate espezializatu bat sortuko dela laster, ziberdelinkuentziaren ikerketa kriminalean aritzeko.
Bestalde, Pedro Azpiazuk gogorarazi duenez, bere Saila "aspalditik ari da finantza-erakundeekin elkarlanean, eta ziberdelinkuentzia da gehien kezkatzen gaituen gaietako bat, eragindako pertsonek eta finantza-erakundeek pairatzen duten defentsa-gabeziagatik".
"2018tik aurrera", zehaztu du Azpiazuk, "hasten dira zibergaizkileak erasoak zuzenean erakundeen bezeroei zuzentzen, phishing bidez batez ere. Urtero engainu-metodologia berriak agertzen dira; phishing-a berrasmatzen ari dela esan liteke".