Ekonomia -

KPI AURRERATUA

KPIa % hiru hamarren jaitsi da azaroan, % 3,2raino

Bestalde, azpiko inflazioa zazpi hamarren jaitsi da azaroan, % 4,5eraino. Iazko abendutik aurtengo azarora arteko KPIaren arabera eguneratuko dira pentsioak 2024an, eta hortaz kotizaziopeko pentsioak % 3,76 igoko dira.

Espainiako Estatuko KPIa eta azpiko inflazioa. Grafikoa: EITB Media
Espainiako Estatuko KPIa eta azpiko inflazioa
Espainiako Estatuko KPIa eta azpiko inflazioa. Grafikoa: EITB Media

O. A. | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Kontsumoko Prezioen Indizearen urte arteko tasa % 3,2raino jaitsi da azaroan, iazko hilabete bereko datuekin alderatuta, Espainiako Estatistika Institutuak gaur aurreratutako datuen arabera. Urrian, urte arteko tasa % 3,5ekoa izan zen, hiru hamarren handiagoa.

Hiru hilabetez jarraian (uztaila, abuztua eta iraila) urte arteko tasa igo ondoren, KPIaren hazkundea eten egin zen urrian, mantendu egin baitzen.

Urte arteko inflazioak behera egin du azaroan, batez ere, erregaien prezioak eta pakete turistikoak iaz baino gehiago jaitsi direlako eta elikagaien eta edari ez alkoholdunen prezioak iaz baino gutxiago igo direlako. Aitzitik, argindarraren prezioak behera egin du, baina iazko azaroan baino gutxiago.

Azken hilabeteko bilakaera kontuan hartuta, berriz, prezioak lau hamarren merkatu dira urritik azarora.

Bestalde, azpiko inflazioa, energia eta elikagai freskoak kontuan hartzen ez dituena, zazpi hamarren jaitsi da azaroan, % 4,5eraino. Gauzak horrela, lau hilabetez jarraian behera egin du eta 2022ko apiriletik izandako txikiena da.

Azaroko datu aurreratua abenduaren 14an baieztatuko du Espainiako Estatistika Institutuak.

Kotizaziopeko pentsioak % 3,76 igoko dira 2024an

Kotizaziopeko pentsioak edo pentsio kontributiboak % 3,76 haziko dira 2024an Espainiako Estatuan, iazko abendutik aurtengo azarora arteko batez besteko KPIaren arabera eguneratuko baitira.

Azaroko KPI aurreratua ezagutu ondotik dagoeneko kalkulatu daiteke 12 hilabeteko batez bestekoa eta emaitza % 3,76 da.

Bestalde, gutxieneko pentsioak eta kotizazio gabeko pentsioak are gehiago igoko dira (% 6tik gorako hazkundea aipatu da), baina Espainiako Gizarte Segurantzako Ministerioak ez du portzentaje zehatza jakinarazi. 

Edozein kasutan, azaroko behin betiko KPI ezagutu arte itxaron beharko da pentsioak zehazki zenbat igoko diren jakiteko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Espainia albisteak KPI berriak Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Kontsumoari buruzko albisteak Gasolinaren prezioa