Ekonomia -
Lan-gatazka
Bilbobuseko langileek abenduaren 21etik aurrera lanuzte gehiago egitea erabaki dute, aurrez akordiorik ez bada
Asteleheneko lanuzteaz gain, asteazkenerako beste greba bat dago deituta, eta beste hiru, abenduko lehen hiru asteetan.
EITB Media
Bilbobuseko langileak gaur egiten ari diren lanuzteak jarraipena izango du datozen egun eta asteetan, Jose Fernandez enpresa batzordeko presidenteak azaldu duenez. Gaurkoaz gain, beste lau greba egun daude deituta, azkena abenduaren 21ean, baina ordurako akordiorik ez badago lanuzte gehiago egitea erabaki dute beharginek "abenduaren 22an, 23an edo egokitzen denean".
UGT Euskadi sindikatuko ordezkariaren arabera, langileek negoziatzeko borondatea daukate, baina ohartarazi du Bilboko Udalari eta zerbitzua ematen duen enpresari dagokiela "arazoa konpontzea".
Aurreko mobilizazioetan bezala (lau jardunalditan egin dituzte jada), launa orduko lanuzteak izango dira goiz-arratsaldeko txandetan: 08:00etatik 12:00etara, eta 16:30etik 20:30era.
Etzi, asteazkenarekin, beste greba bat dago deituta (07:00etatik 11:00etara eta 17:00etatik 21:00etara), eta beste hiru, abenduko lehen hiru asteetan. Abenduaren 4an eta 12an ere lanuzteak dituzte deituta, eta abenduaren 21erako 24 orduko greba dago iragarrita, Bilbon San Tomas azoka egiten den egunean.
Jose Fernandezek onartu du "zoritxarrez" ez dela aurrerapenik izan Alsa-Transitia enpresarekin azaroaren 21ean izandako bileraren ondoren, eta oraingoz ez dutela beste batzarrik hitzartuta.
"Hitzarmen kolektiboaren negoziazioa blokeatuta" dagoelako eta ez dutelako ez eskubiderik ez erosteko ahalmenik galdu nahi ari dira langileak mobilizazioak egiten.