Ekonomia -
Enpresaburuen Elkartea
CEOEk proposatu du 2024an lanbide arteko gutxieneko soldata 1.124 eurora igotzea, eta 2025ean 1.145,77 eurora
Kasu bietan aplikagarria litzateke 2024rako zein 2025erako sindikatuekin hitzartutako akordioetan aurreikusitako berme klausula.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Espainiako Enpresaburuen Elkarteen Konfederazioak (CEOE) sindikatuei eta Gobernuari proposatuko die lanbide arteko gutxieneko soldata % 3 igotzea 2024an —1.080 eurotik 1.124,4 euroraino—, eta % 3ko beste igoera bat egitea 2025ean, hilean 1.145,77 eurora iritsi arte.
Kasu bietan aplikagarria litzateke 2024rako zein 2025erako sindikatuekin hitzartutako akordioetan aurreikusitako berme klausula.
Zuzendaritza Batzordeak egin duen bileran adostu dute proposamena. Izan ere, Lan eta Ekonomia Sozialerako Ministerioak aurki deituko ditu bilerara eragile sozialak, gutxieneko soldataren eguneratzeaz jarduteko. Horixe da, behintzat, egunotan Yolanda Diaz Lan ministroak jakinarazi duena.
Hala, ohar baten bidez, patronalak adierazi du bere proposamena CCOO eta UGT sindikatuekin Enplegurako eta Negoziazio Kolektiborako V. Akordioan adostutakoaren ildotik doala.
"Enpresari taldeek egokitzat jo dute igoera, lanbide arteko gutxieneko soldataren eta negoziazio kolektiboaren baitan adosten diren gainerako soldaten artean korrelazioa egon dadin", esan du CEOEk oharrean.