Ekonomia -
Abiadura Handiko Trena
AHTaren Bilboko sarbiderako lanak 2026an abiatuko dira, 226 milioi euroko aurrekontuarekin
Jaurlaritzak gaur baimendu du Garraio Sailak ADIFekin lortutako akordioa. Iñaki Arriola sailburuak lanak 2033an bukatuko direla aurreikusi du.
EITB Media
Eusko Jaurlaritzaren Gobernu Kontseiluak gaur baimendu du abiadura handiko trena Bilbora sartzeko Garraio Sailak eta eta ADIF Alta Velocidad erakundeak egin zuten hitzarmena. Iñaki Arriola sailburuaren hitzetan, lanak 2026an hasi eta 2033an amaituko dira eta 226,53 milioi euroko aurrekontua izango dute.
Gaur onartu den hitzarmenak hamar urteko indarraldia izango du, baina beste zazpi urtez luzatzeko aukera izango da. Denbora horretan, Bizkaiko hiriburuko Abando geltokira sartzeko zabalera estandarra duen korridorea sortu beharko da. Horretarako, 6,2 kilometro luze izango den tunel bat egin beharko da, Galdakao-Basauri tartetik Bilboko erdialderaino.
Eusko Jaurlaritzak 226,52 milioi euroko aurrekontua (BEZa barne) izango du horretarako: 5,2 milioi euro proiektua idazteko eta 208,02 milioi euro obrak egikaritzeko. Bertan sartuko dira gainera, eragindako zerbitzuak berrezartzeko eta ingurumen-integrazioko, segurtasuneko eta osasuneko kostuak.
Lan hauek ez dira Kupoaren bidez finantziatuko, Gipuzkoako adarrekoak egiten diren bezala. Kasu honetan, ADIF Alta Velocidad erakundearen aurrekontuen parte izango dira eta, lanak egin ahala, ordainketak egiten joango da.
Eusko Jaurlaritzak bere gain hartuko dituen lanez gainera, ADIFek beste zeregin batzuk ere egingo ditu tarte horretan: 53,59 milioi euroko kostua izango duten gainegitura lanak (bideak, elektrifikazioa, segurtasun- eta komunikazio-instalazioak eta trenbidekoak ez diren segurtasun-instalazioak) eta eraikuntza-proiektua behin betiko onartu, gainbegiratu eta obrak hartzea.