Ekonomia -

Lan-gatazka

Zerbitzu minimoak adostu dituzte astelehen honetan hasiko den EAEko anbulantzien grebarako

ELAk, USOk, LABek, UGTk, CCOOk eta ESK-k parte hartzera deitu dituzte sektoreko 1.800 langileak, Osakidetzakoen baldintzekin parekatzea eta erosteko ahalmena mantentzeko soldatak igotzea eskatzeko.

agentziak | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

La Pau anbulantzia kooperatibak eta greba batzordeak asteleheneko, astearteko eta asteazkeneko greba egunetarako zerbitzu minimoak ezarri dituzte. Izan ere, urgentziarik gabeko osasun garraioa eskaintzen duen sektoreko langileek hiru eguneko greba hasiko dute astelehen honetan.

Grup La Pauk jakinarazi duenez, goizean 40 zerbitzu eskainiko dituzte gutxienez, eta 25, arratsaldean, azaroaren 20ean, 21ean eta 22an.

Aurreko asteazkenean, anbulantzia enpresak 45 ibilgailu saboteatu zituztela salatu zuen. Gainera, irailean lan-hitzarmena berritzeko lan-gatazka hasi zenetik, 132 anbulantzia saboteatu omen dituzte.

Datorren aste honetarako deitutako hiru greba egunak urtea amaitu arte deitu dituzten greba egunen erdiak dira, abenduaren 20an, 21ean eta 22an ere lanuztea egingo baitute.

Gogorarazi behar da, era berean, ELA, USO, LAB, UGT, CCOO eta ESK sindikatuek beste hiru greba egunera deitu zituztela urrian sektoreko 1.800 langileak.

Azaroko eta abenduko lanuzteak deitu zituztenean, sindikatuek adierazi zuten osasun garraioko lan-hitzarmenean bi urteko negoziazioa daramatela "Eusko Jaurlaritzaren eta patronalaren aldetik benetako negoziaziorako borondaterik gabe".

Sindikatuek ohartarazi zuten mobilizatzen jarraituko dutela "erosteko ahalmena KPIren arabera mantentzea eta Osakidetzako langileen baldintzekin parekatzea lortu arte".

La Pauk gaur azaldu duenez, berretsi egin du irailaren 29an egindako proposamena, eta "negoziazio eraikitzailera itzultzeko" deia egin die sindikatuei.

Gogorarazi du bere proposamenean % 21,66ko soldata igoera (% 4 2024-2028rako lan-hitzarmenak irauten duen urte bakoitzeko), eta lanaldiaren 8 orduko murrizketa 2024an eta 4 ordukoa hurrengo urteetan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza berriak Grebak gaur Gizartea Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Lan gatazkak