Ekonomia -
LAN GATAZKA
Gipuzkoako garbiketa eta zabor bilketako langileek greba mugagabea iragarri dute
Langileen aldarrikapenei erantzuten ez badiete abenduaren 20an lanuzteari ekingo diotela iragarri du ELAk. Hondartzak garbitzen, hondakinak gaika biltzen edo zabortegietan, erraustegian zein antzeko instalazioetan lan egiten duten 1500 langile daude deituta.
AGENTZIAK| EITB MEDIA
Gipuzkoako kale garbiketako eta zabor bilketako langileek abenduaren 20tik aurrera greba mugagabea hasiko dutela iragarri dute, "patronalak hitzarmenaren negoziazioan blokeatuta daudelako".
Guztira, 1.500 langile inguruk lan egiten dute sektore honetan eta hondartzak garbitzen, hondakinak gaika biltzen edo zabortegietan, erraustegian zein antzeko instalazioetan lan egiten duten langileak ere deituta daude.
Langileen ordezkaritzaren % 60,78 duen ELA sindikatuak ohar batean salatu duenez, Aselip eta Serbitzu patronalek "negoziazioak blokeatuta" dituzte, "hamaika hilabetetan hamahiru bilera" egin ondoren.
"Errespetua eta baldintza duinak" eskatu ditu sindikatuak "lan eskergaitzenetako bat egiten duen sektore batentzat. "Egungo lan-baldintzak duintzeko eskatzen dugu, errelebo-kontratuaren aplikazioa hobetzea, erosteko ahalmena bermatzea (gutxienez KPIaren igoera) eta lanbide-kategoriak egokitzea", besteak beste.
Testuinguru honetan, langileen aldarrikapenei jaramonik egiten ez bazaie, abenduaren 20an, 22:00etatik aurrera, greba mugagabea hasiko dela Gipuzkoa osoan iragarri du ELAk.
Era berean, "egoeraren larritasuna ikusita", udalen eta mankomunitateen inplikazioa eskatu du, "patronalaren jarrera aldatzeko eragile aktiboak izan daitezen".
Grebara deitutako langileek manifestazioa egin dute larunbat honetan Donostian, ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek deituta, hitzarmenaren negoziazioen aurka protesta egiteko.