Ekonomia -
ETXEBIZITZA
Etxebizitzen salerosketa % 25,6 jaitsi da Euskadin urtebetean
1.500 eragiketa baino gutxiago egin ziren irailean. Higiezinen saleroketaren sektoreak zortzi hilabete daramatza beheraka, tasen gorakadak eta maileguen garestitzeak markatutako testuinguruan.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Etxebizitzen salerosketa kopurua % 25,6 jaitsi zen irailean, aurreko urteko hil beraren aldean; 1.476 eragiketa izan ziren soilik, eta, beraz, zortzigarren hilabetea du sektoreak negatiboan, interes-tasa altuek eta finantzaketa garestitu izanak markatzen duten testuinguruan.
Euskadiko etxebizitzen salmentaren urte arteko jaitsiera otsailean hasi zen (-% 1,5), eta martxoan (-% 9,1) eta apirilean (-% 23,4) areagotu egin zen. Jaitsiera zertxobait leundu zen maiatzean (-% 18,5), are gehiago ekainean (-% 13,5) eta uztailean (-%2,5), baina abuztuan % 15,6ra igo zen.
Estatistikako Institutu Nazionalak (INE) ostiral honetan argitaratutako estatistikaren arabera, Euskadiko iraileko jaitsiera Espainiako batez bestekoa (-% 23,7) baino handiagoa izan zen, eta Euskadik, abuztuan bezala, etxebizitzen salmentan beherakadarik handienak izan zituzten zazpi erkidegoen artean jarraitzen du.
Jabetza-erregistroetan mota guztietako 5.745 finka eskualdatu ziren, 2022ko hilabete berean baino % 11,5 gutxiago; horietatik 643 landa-finkak ziren, 2.689 etxebizitzak, 92 orubeak eta 2.321 bestelako hiri-finkak, hala nola garajeak, bulegoak eta trastelekuak.
Eskualdatutako etxebizitzetatik, 1.436 salerosketa-erregimenean izan ziren, 759 herentziengatik, 44 dohaintzengatik, 2 trukeengatik eta 408 beste mota batekoak.
Saldutako etxebizitzei dagokienez, gehienak erabiliak (1.258) eta libreak (1.362) ziren, eta 114 babestuak.