Ekonomia -
Abiadura handiko trena
AHTaren Bilboko sarbidea Jaurlaritzak eraikitzea onartu dute, eta lanak ez dira 2026a baino lehen hasiko
Jarduneko Ministroen Kontseiluak hitzarmenaren testua onartu du, obra zibila idatzi eta eraikitzeko ardura Eusko Jaurlaritzari emateko. Arantxa Tapia Ekonomia Garapenerako sailburuak esan du "albiste bikaina" dela AHTaren Bilboko sarbidea Jaurlaritzak egitea.
EITB Media
Jarduneko Ministroen Kontseiluak hitzarmenaren testua onartu du, Abiadura Handiko Trena (AHT) Bilbora sartzeko obra zibila idatzi eta eraikitzeko ardura Eusko Jaurlaritzari emateko. Nolanahi ere, lanak ez dira 2026 baino lehen hasiko.
Arantxa Tapia Ekonomia Garapenerako sailburuak esan du "albiste bikaina" dela Eusko Jaurlaritzak AHTaren Bilboko sarbidea egitea.
Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agenda (Mitma) Ministerioak ohar baten bidez jakitera eman duenez, Eusko Jaurlaritza arduratuko da trena Bilbo-Abandoko geltokira sartzeko proiektuak idazteaz eta plataforma eraikitzeaz, 226,5 milioi euroko aurrekontuarekin. Aurrekontu hori Abiadura Handiko Agentziaren aurrekontutik aterako da, zeina Estatuko Aurrekontu Orokorren barruan dagoen.
Bestalde, Adifek prestatu eta egingo ditu trenbideko, elektrifikazioko, segurtasuneko eta komunikazioko instalazioetako eta trenbidekoak ez diren segurtasuneko instalazioetako lanak, horretarako 53,59 milioi euroko aurrekontua duela (BEZa barne).
Akordio honen bidez, Espainiako Gobernuak EAJrekin 2022ko Estatuko Aurrekontu Orokorren negoziazioetan adostutakoa betetzen da. EAJk pozik hartu du erabakia, jeltzaleek "behin eta berriro egindako eskakizunei esker" iritsi dela uste baitu.
Duela bi urte "mugarritzat" jo zuen Aitor Esteban Kongresuko jeltzaleen bozeramaileak akordioa, eta urrats horrek, "espero baino denbora gehiago" behar izan duen arren, azpiegituraren funtsezko zati bati —AHTa Bilbora sartzea— "behin betiko bultzada" emateko balioko duela adierazi du.