Ekonomia -
ELIKAGAIEN PREZIOA
Oliba olioa % 73,5 garestitu da urtebetean, eta arroza % 16,6
Hauek dira azken urtebetean gehien garestitu diren oinarrizko elikagaiak: oliba olioa (% 73,5), arroza (% 16,6), patata (% 15,9), txerrikia (% 13,8), azukrea (% 12,3) eta esne osoa (% 11,6).
O. A. | EITB Media
Oliba olioaren prezioak etenik gabe gora eta gora egiten jarraitzen du: duela urtebete baino % 73,5 eta irailean baino % 6 garestiagoa da, Espainiako Estatistika Institutuak gaur zabaldutako datuen arabera. Halaber, prezioa % 150,7 igo da 2021eko martxotik.
2021eko apirilean hasi zen oliba olioaren prezioa gora egiten (% 2), eta urte bereko maiatzean % 5 igo zen. Hortik aurrera, bi digituko igoerak izan ditu 28 hilabetez jarraian, irailera arte.
Azken urtebetean gehien garestitu diren elikagaiak hauek dira:
- Oliba olioa (% 73,5)
- Arroza (% 16,6)
- Patata (% 15,9)
- Txerrikia (% 13,8)
- Azukrea (% 12,3)
- Esne osoa (% 11,6).
Aitzitik, ondorengo hauek dira urrian, aurreko urteko hilabete bereko datuekin alderatuta, merkatu edo gutxien garestitu diren elikagaiak:
- Beste olioak (-% 29,5)
- Gurina eta beste zerealak (% 0,5)
- Elikagai pastak (% 0,8)
Bestalde, elikagaien artetik fruta garestitu da gehien irailetik urrira, % 9,5.
Elikagaien prezioa KPIaren oso gainetik igo da urrian ere. KPIaren urte arteko tasa % 3,5era jaitsi da EAEn eta % 3,2ra Nafarroan, eta elikagaiak % 9 eta % 9,6 garestitu dira, hurrenez hurren.