Ekonomia -
DIRU LAGUNTZAK
Nafarroako Gobernuak 6,4 milioi euro bideratuko ditu maiatzetik irailera izandako euriteen kalteak ordaintzeko
Zehazki, maiatzetik irailerako euriteek nekazaritzako azpiegituretan eragindako kalteak ordaintzeko erabiliko da dirua.
AGENTZIAK | EITB Media
Nafarroako Gobernuak 6,4 milioi euro bideratuko ditu maiatzetik irailera izandako euriteek eragindako kalteak ordaintzeko.
Foru gobernuaren arabera, diru laguntzen % 75 (4,8 milioi euro) lanak egin aurretik banatuko ditu Nafarroako Gobernuak horrela eskatzen duten udalen artean. Gainerako diru laguntzak (guztira, 1,6 milioi euro) lanak behin amaitutakoan emango dira.
Jose Mari Aierdi Nafarroako Landa Garapen eta Ingurumen kontseilariak eta Ignacio Gil Nekazaritzako eta Abeltzaintzako zuzendariak bilera erronda abiatu dute kaltetutako toki erakundeekin diru laguntzen inguruko informazioa helarazteko. Izan ere, Nafarroako Gobernuak datorren ostegunean argitaratuko du diru laguntza deialdia Nafarroako Boletin Ofizialean.
Lehendabiziko bilerak gaur egin dituzte Lizarrako eta Pirinioetako udal ordezkariekin. Gaurko bilerez gain, asteazkenean Aragoi Bailarako eta Erriberako udal ordezkariekin izango da kontseilaria.
Guztira, Nafarroako 98 udalerritan zenbatu dituzte kalteak. Nafarroako Gobernuak urriaren 27an onartu zuen azken sei hilabeteetan euriteek eragindako kalteak jasan dituzten eta zerga salbuespenak izango dituzten 98 udalerriren zerrenda.