Ekonomia -
ETXEBIZITZA
Etxebizitzen salerosketak % 25 jaitsi dira EAEn eta % 17,6 Nafarroan, irailean
Euskadi da etxebizitzen salerosketa gehien jaitsi den autonomia erkidegoa eta Nafarroa, berriz, bosgarrena. Bestalde, Nafarroan eman dituzte hipoteka berri gutxien.
AGENTZIAK | EITB Media
Etxebizitzen salerosketak behera egin zuen EAEn irailean, eta % 25 jaitsi zen transakzio kopurua. Halaber, etxebizitzen gaineko hipoteka berrien kopurua % 26,2 jaitsi zen eta prezioa, % 2,3, notarioek gaur emandako datuen arabera. Nafarroari dagokionez, etxebizitzen salerosketak % 17,6ko beherakada izan zuen irailean eta % 39,1 hipoteka gutxiago eman ziren.
Estatu espainiarra aintzat hartuta, etxebizitzen salerosketak % 15eko beherakada izan zuen irailean, eta etxebizitzen gaineko hipoteka berrien kopuruak % 21,8 egin zuen behera. Dena den, bi kasuetan jaitsiera arindu egin da abuztuarekin alderatuta, orduan % 17 eta % 27 jaitsi baitziren, hurrenez hurren.
Espainiako Estatuan 15 autonomia erkidegotan jaitsi da etxebizitzen salerosketa, EAEn gehien (%25). Atzetik ageri dira Katalunia (% 21,9), Balear uharteak (% 19,3), Kanariak (% 19), Madrilgo Erkidegoa (% 17,9) eta Nafarroa (% 17,6).
Etxebizitzen gaineko hipoteka berrien kopuruak % 22,6 egin du behera irailean Espainiako Estatuan, aurreko urteko hil bereko datuekin alderatuta (20.120 operazio guztira).
Bestalde, Nafarroan eman dituzte hipoteka berri gutxien (% 39,1). Atzetik ageri dira Asturias (% 36), Errioxa (% 34,5), Katalunia (% 33,4), Balearrak (% 28,4), EAE (% 26,2) eta Andaluzia (% 23).