Ekonomia -
'Forbes' zerrenda
Sei euskal herritar Espainiako Estatuko 100 aberatsenen artean daude, 5.700 milioitik gorako dirutzarekin
Bost gizon eta emakume bakarra dira. Zehazki, Daniel Mate (5.700 milioi euro), Juan Luis Arregui (780 milioi), Jose Ignacio Comenge (655 milioi), Carmen Ybarra (570 milioi), Victor de Urrutia (490 milioi) eta Alejandro Aznar Sainz dira.
Agentziak | EITB Media
Sei euskal herritar Espainiako Estatuko 100 pertsona aberatsenen Forbes zerrendan agertzen dira, eta horien artean 5.700 milioi euro baino gehiagoko ondarea dute. Seiak Euskal Autonomia Erkidegoko herritarrak dira, Nafarroak ez baitu ekarpenik egiten zerrendara.
Estatuko lehen hamar aberatsenen artean, Daniel Mate donostiarra dago, 2.900 milioi euroko dirutzarekin. Metalen eta meatzaritzaren arloko Glencore multinazional anglo-suitzarraren hirugarren akzioduna da, eta inbertsioak egin ditu Rossberg Inmobilien AG, Wildspitz SL eta Gran Via 60 SL enpresetan ere.
Atzetik, 48. postuan, Juan Luis Arregui dago, paperaren sektoreko Enceko presidente eta akziodun nagusia, 780 milioirekin. Era berean, Iberdrola konpainiako % 0,57aren jabea da.
Zerrendako hirugarren euskalduna, 58. tokian, Jose Ignacio Comenge da, 655 milioirekin. Coca-Cola Europacific Partners enpresaren jabeetako bat da.
69. lekuan Carmen Ybarra inbertitzaileak jarraitzen du, 570 milioirekin. Onchena holdingaren % 89ren jabea da, eta haren bidez zeresana du Vocento, Atrys, Ecoener, Reig eta Solarpacken, besteak beste.
Bosgarren euskal herritarrik aberatsena Victor de Urrutia da, euskal jatorrikoa, baina Madrilen jaioa, Asua Inversiones enpresaren jabea. 490 milioiko ondarearekin, Compañia Vinicola del Norte (CVNE) upategi errioxarreko akziodun nagusia da, eta 72. postuan dago.
Zerrenda ixten du Alejandro Aznar Sainzek, 100. postuan. Bere familiarekin batera, zerrendako dirutzarik zaharrenetako bat du, Aznar ontzi-enpresaren oinordekoa. 1860an bere herenaitona Eduardo Aznarrek eta De la Sotak sortu zuten, baina XX. mendeko 80ko hamarkadan enpresak porrot egin zuen. Hala ere, Ibaizabal bezala berriro martxan jarri zuten. Alejandrok 29 urte daramatza Eltziegoko (Araba) Marques de Riscal upategiaren buru izaten, non bere familiak kontrola du.
Estatuan, oro har, aberats handien ondarea % 37 igo da aurten, 196.130 milioira arte, nahiz eta Ukrainako gerra eta inflazioa izan. Amancio Ortega Inditexen fundatzailea da zerrendaren buruan beste behin, eta haren aberastasuna % 53 hazi da, 81.800 milioiraino.
Gainerako 99 aberatsen dirutza 114.330 milioi eurokoa da, % 26 gehiago, eta horrek esan nahi du bakoitzak batez beste 83 milioi euro irabazi zituela egunero.
Zerrendako lehenengo bostek -Amancio Ortega eta bere alaba Sandra (Inditex); Rafael del Pino (Ferrovial); Juan Carlos Escotet (Abanca) eta Juan Roig (Mercadona)- aberastasunaren ia erdia biltzen dute, % 48 edo 102.700 milioi.