Ekonomia -
FACUA
BEZ murriztua duten oinarrizko elikagaien % 52 garestiagoak dira neurria indarrean sartu zenean baino
Facua kontsumitzaileen elkarteak BEZaren deskontua duten ia mila produkturen prezioak aztertu ditu zortzi supermerkatu kate handitan (Alcampo, Aldi, Carrefour, Dia, Eroski, Lidl, Hipercor eta Mercadona).
AGENTZIAK | EITB Media
Espainiako Gobernuak hala erabakita BEZ zerga kenduta edo murriztuta duten oinarrizko elikagaien % 52 garestiagoak dira orain 2023. urtearen hasieran neurria indarrean sartu zenean baino. Zehazki, BEZaren deskontua duten ia mila produkturen prezioak aztertu ditu Facua kontsumitzaileen elkarteak zortzi supermerkatu kate handitan (Alcampo, Aldi, Carrefour, Dia, Eroski, Lidl, Hipercor eta Mercadona).
Guztira, 963 elikagairen prezioak aztertu ditu, urriaren 2an, 3an, 10ean eta 11n. Horietatik, 505 produktu (% 52,4) abenduaren 30ean BEZaren beherapena aplikatu ondoren baino garestiagoak dira.
Kontsumitzaileen elkarteak emandako datuen arabera, prezioak pixkanaka igo dituzte urtarriletik hona. Urtarrilean, produktuen % 6,7 bakarrik ziren garestiagoak; otsailean, % 17,4; martxoan, % 30,8; apirilean, % 42; maiatzean, % 43,8; ekainean % 44,7; uztailean, % 47; abuztuan, % 48,4; irailean, % 48,9; eta urrian, % 52,4.
Prezio igoera izan duten 505 produktuetatik 153 frutak edo barazkiak dira (% 30,2), 103 oliba olioak (% 20,3), 73 esneak edo esnekiak (% 14,4), 72 arrozak edo pastak (% 14,2), 47 lekaleak (% 9,3). Gainerako 57ak arrautzak, irinak edo ogiak dira.
Astelehen honetan argitaratutako txostenaren arabera, urrian Hipercor katean atzeman dituzte igoera handiena (% 66,4). Halaber, horren atzetik ageri dira Carrefour (% 60), Alcampo (% 57,2), Aldi (% 54,3), Eroski (% 50,3), Lidl (% 48,3), Mercadona (% 39,7) eta Dia (% 38,1 %).
Bestalde, Facuak beste behin gogorarazi du BEZaren jaitsiera aplikatu behar den produktuetan galarazita dagoela prezioak igotzea, kostuak igotzen direnean, salbu.