Ekonomia -
KPI AURRERATUA
KPIa % 3,5ean mantendu da urrian, erregaien merkatzea tarteko
Bestalde, azpiko inflazioa sei hamarren jaitsi da urrian, % 5,2raino.
O. A. | EITB Media
Kontsumoko Prezioen Indizearen urte arteko tasa % 3,5ean mantendu da urrian, iazko hilabete bereko datuekin alderatuta, argindarra garestitu egin den arren, erregaiak merkatu eta elikagaiak aurreko urtean baino gutxiago garestitu direlako.
Hiru hilabetez jarraian (uztaila, abuztua eta iraila) urte arteko tasa igo ondoren, KPIaren hazkundea eten egin da. Urriko datu aurreratua datorren azaroaren 14an baieztatuko du Espainiako Estatistika Institutuak.
Irailetik urrira, berriz, prezioak hiru hamarren garestitu dira, aurreko hilabetean baino hamarren bat gehiago. Bosgarren hilabetea da jarraian hilabeteko tasa igotzen dena: ekainean sei hamarren hazi zen, uztailean bi, abuztuan bost eta irailean bi.
Bestalde, azpiko inflazioa, energia eta elikagai freskoak kontuan hartzen ez dituena, sei hamarren jaitsi da urrian, % 5,2raino, aurreko urteko hilabete bereko datuekin alderatuta.
Julen Bollain ekonomialariak eta Mondragon Unibertsitateko irakasleak prezioen igoera azaldu du, eta, elikagaien garestitzeaz gain, ohartarazi du Gabonetako bidaiak asko garestituko direla Ekialde Hurbileko gatazkaren ondorioz.