Ekonomia -
Espazioa
Euskadin sortutako lehen satelitea datorren urtean jaurtiko dute espaziora
LUR-1 proiektua Added Value Solutions (AVS) enpresa garatzen ari da, Arabako Parke Teknologikoan, Miñaon, duela hiru urtetik. Lehendakariak taldea zoriondu du, AVSren Miñaoko instalazioetara egindako bisitan.
Agentziak | EITB Media
Euskadin garatu eta erabat eratutako lehen satelitea datorren urtearen erdialdean jaurtiko dute espaziora Kaliforniatik (AEB), Lurra behatzeko eta argazkiak ateratzeko helburuarekin.
LUR-1 proiektua Added Value Solutions (AVS) enpresa garatzen ari da Arabako Parke Teknologikoan, Miñaon, duela hiru urtetik.
Lurreko hainbat lekutako sateliteak hartzen dituen argazkien jarraipena eta harrera parke teknologikotik bertatik egingo da.
Iñigo Urkullu lehendakariak enpresaren instalazioak bisitatu ditu gaur, ostirala, eta dena aurreikusitakoaren arabera badoa, LUR-1 2024ko erdialdean espazioratuko dutela azaldu du, SpaceX enpresaren Transporter 11 misioan.
Urkulluk jakitera eman duenez, "beste albiste handi bat" da AVSk satelite-plataformetan oinarritutako lehen misio komertzialaren esleipena jaso duela, Roads misioarena, NASArentzat "interes handikoa", "orbitatzeko, bizitza zabaltzeko eta sateliteak orbitan mantentzeko funtsezko teknologiak" erakutsiko dituelako.
Lehendakariaren esanetan, "miresgarria" da "Elgoibar bezalako udalerri txiki batean jaio eta orain Arabako Parke Teknologiko honetan finkatuta dagoen enpresa batek gaitasun teknologikoak garatzea eta partekatzea lehen mailako aliatuekin, hala nola NASArekin edota Europako Espazio Agentziarekin".
Ukulluren ustez, "ur handiak dira" eta "herriaz harro egoteko arrazoi bat".
Urdaneta, espazioan 2022tik
2022ko maiatzean beste satelite bat jarri zuten orbitan, Urdaneta, euskal partaidetzarekin, Satlantis enpresak fabrikatu baitzuen Geocosmos Armeniako estatu-konpainiarekin batera egindako proiektu batean.
Urdaneta Lurretik 500 kilometrora jarri zuten orbitan, bertan lauzpabost urte emateko asmoz, eta kalitate handiko irudiak hartzen ditu, batez ere ingurumen-azterketak egiteko.