Ekonomia -
GREBA EAE-KO SEKTORE PUBLIKOAN
Milaka langile publikok lan-baldintzak "hemen negoziatzea eta adostea" exijitu dute
Sindikatuen arabera, grebak jarraipen "oso zabala" izan du. Besteak beste, Hezkuntzan langileen % 75ek egin dute greba, horien arabera. Bestelako datuak eman ditu Jaurlaritzak, eta adierazi du Administrazio Orokorrean jarraipena % 12,07koa izan dela, eta Hezkuntzan % 40,6koa.
EITB MEDIA
Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoan deitutako bi greba egunetako lehena "arrakastatsua" izaten ari da, deialdia egin duten sindikatuen arabera, eta jarraipena "oso zabala" alor batzuetan. Eusko Jaurlaritzaren arabera, berriz, jarraipen datuak "ezberdinak" dira sektore bakoitzean, eta intzidentzia handiena Hezkuntzan (% 40,6) izan du; Osakidetzan, berriz, % 5,72koa izan da parte hartzea, eta % 3,42koa Segurtasuneko lan-kontratuko langileen artean (ertzainak ez direnak).
Sindikatu deitzaileek azaldu dutenez, jarraipena "oso handia" izaten ari da pribatizatu gabeko garraio publikoan eta Hezkuntzan, eta unibertsitatetik kanpoko irakasleen % 75k baino gehiagok egin dute bat greba deialdiarekin. Halaber, galdialdia "ia erabatekoa" da EITBn, eta udal askotan langileen % 90ek lauztea egin dute. Hala ere, Eusko Jaurlaritzak Osakidetzan ezarritako gutxieneko zerbitzuek milaka langileren greba eskubidea urratu dutela salatu dute.
Eusko Jaurlaritzaren datuen arabera, parte-hartze handiena Hezkuntzan izan da, % 40,6ko eraginarekin irakasleengan. Jarraipena nabarmen jaitsi da gainontzeko arloetan, haien datuen arabera: % 12,07 Administrazioan, % 5,72 Osasunean eta % 3,42 Segurtasunean (lan-kontratuko langileak, ertzainak ez direnak). Foru erakundeen datuen arabera, grebaren eragina % 15,4koa izan da Araban, % 10ekoa Gipuzkoan eta % 6,4koa Bizkaian.
Metro Bilbao zerbitzuaren % 58 ematen ari da, eta Gasteizko eta Donostiako hiri autobusak (TUVISA eta Dbus), % 79 eta % 45ekoak, hurrenez hurren, garraio publikoan ezarritako %30eko gutxieneko zerbitzuak baino gehiago. Euskotrenen zerbitzuari dagokionez, ezarritako gutxieneko zerbitzuak bakarrik eman dira tren zerbitzuan eta Gasteizko tranbian, eta % 52koa Bilboko tranbian.
Estatuko Administrazioko langileen artean grebaren eragina "oso txikia" izan da, % 0,48koa, Espainiako Gobernu ordezkaritzaren arabera.
Bestalde, Jon Agirre Eusko Jaurlaritzaren Lan Harremanetarako zuzendariak jarrera "maximalistak" albo batera uzteko eta dauden foroetan negoziatzen jarraitzeko deia egin die sindikatuei. Ildo horretan, aurreratu du datozen egunetan mahai orokorra eta sektore bakoitzeko mahaiak deituko dituztela, eta azaro erdialdean izango direla bilera horiek.
Eguneko manifestazio nagusiak eguerdian egin dituzte EAEko hiru hiriburuetan. Bilboko manifestazioa abiatu aurretik, Igor Eizagirre ELAko sindikatuko idazkari nagusiak EAJri eta EH Bilduri eskatu die Espainiako Gobernuaren aurrekontuak ez babesteko "hemen negoziatzeko betoari eusten badiote". Igor Arroyo LABeko koordinatzaile orokorrak, berriz, Urkullu lehendakariari eskatu dio EAEko sektore publikoko langileak entzun ditzala eta "hemen" negoziatzea eta erabakitzea ahalbideratu dezala.
Sindikatuen aldarrikapen nagusiak
ELAk, LABek, CCOOk, Steilasek, ESK-k eta beste sindikatu batzuek, UGTk salbu, grebara deitu dituzte gaurko, urriak 25, Euskadin sektore publikoan lanean dauden 150.000 beharginak, lan baldintza hobeak eta zerbitzuen kalitatea bermatze aldera.
Zentzu horretan, Eusko Jaurlaritzari, aldundiei eta udalei egingo dizkieten aldarrikapen nagusiak dira erosahalmena bermatzea eta enplegu publikoa egonkortzea, behin-behinekotasuna % 8raino murriztuta.
Hala, sindikatuek salatu dute Euskadin sektore publikoak "okerrera egin" duela, geroz eta pribatizatuago dagoelako. "Egiturazko arazo" bat dela iritzi diote, hain zuzen ere.
Greba deialdiarekin lortu nahi dute, halaber, sektore publikoaren soldatak eta beharrak Euskadin bertan negoziatzea, galdutako erosahalmena berreskuratzea (% 20ko galera, azken hamarkadan), behin-behinekotasun tasa % 40tik % 8ra jaistea, pribatizazioari amaiera ematea eta "egiazko euskalduntzea" bermatzeko planak garatzea.