Ekonomia -

EAE

Hezkuntza publikoko grebak % 55tik gorako jarraipena, sindikatuen hitzetan; % 21koa, Jaurlaritzaren arabera

"Milaka langileri greba eskubidea ukatu zaie, eta greba bera baldintzatu dute gutxieneko zerbitzuek", salatu dute Steilas, ELA eta CCOO sindikatuek. Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak kritikatu duenez, grebak "hezkuntzarentzako eta familientzako zigor berezia" suposatzen du.

Hezkuntzan deitutako greba-egunaren mobilizazio bat. Argazkia: Steilas
Hezkuntzan deitutako greba-egunaren mobilizazio bat. Argazkia: Steilas
Hezkuntzan deitutako greba-egunaren mobilizazio bat. Argazkia: Steilas

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Steilas, ELA eta CCOO sindikatuek beste greba deialdi bat egin dute gaurko, astearterako. Oraingoan, unibertsitateaz kanpoko eta hezkuntza bereziko irakasle guztiak daude deituta, baita sukaldeko eta garbiketako langileak ere, irakaskuntza publikoko langileen lan-baldintzak salatzeko.

EAEko Hezkuntza Saileko 29.000 langile zeuden gaurko grebara deituak. Bada, sindikatu deitzaileen arabera, langile horietako "askok" egin dute bat grebarekin, % 55tik gora, eta "milaka langilek" ere parte hartu dute hiriburuetako manifestazioetan.

"Hori guztia kontuan hartuta Eusko Jaurlaritzak ezarritako gutxieneko zerbitzuak gehiegizkoak izan direla: milaka langileri greba eskubidea ukatu zaie, eta greba bera baldintzatu dute gutxieneko zerbitzuek", salatu dute.

Arratsaldean, Hezkuntza Sailak ohar batean azaldu duenez, bere ikuskaritza-zerbitzuaren bidez grebaren jarraipenari buruzko datuak bildu ditu, eta ikastetxeetako zuzendaritzek emandako informazioaren arabera, irakasleen % 21,2k jarraitu dute lanuztea. Ikastetxeen % 96k emandako datuak bildu dituzte.

Lehenago, eguerdian, Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak jakinarazi du irakasleen % 21,2k greba egin dutela, ikastetxeen % 80ko datuak kontuan hartuta.

''Iazko maiatzean sindikatuekin akordioa sinatu ostean, ez dugula sare publikoa babesten diote orain''
''Iazko maiatzean sindikatuekin akordioa sinatu ostean, ez dugula sare publikoa babesten diote orain''
''Iazko maiatzean sindikatuekin akordioa sinatu ostean, ez dugula sare publikoa babesten diote orain''

1:09

Sindikatu deitzaileek, deitutako esparruetan %56ko ordezkaritza dutenek, argi dute "lan baldintza egokiak izatea ezinbestekoa dela ikasleen beharrei modu egokian erantzuteko". Azaldu dutenez, "hamarkada bat baino gehiago daramatzate, ordea, lan baldintzen inguruko negoziaketarik gabe". "Izan ere, Hezkuntza Sailaren jarrera itxia eta inposatzailea da", kritikatu dute.

Gaurko greba egunari jarraipena emango diote bihar, sektore publiko osoko gainerako langile publikoekin deitutako greban. "Hezkuntza Sailak eta alderdiek eskaera horiei erantzun egokirik eman ezean, mobilizazioak sustatzen jarraituko dute sindikatuek", ohartarazi dute.

Deialdia egin duten sindikatuen aldarrikapenak honako hauek dira: lan-karga arintzea, egungo ikasleen errealitateari erantzuteko baliabideak ematea eta azken urteetako erosteko ahalmena berreskuratzea; azken horretan, galera % 20koa izan dela aurreikusi dute sindikatuek.

Eskatzen dutenaren arabera, % 10eko igoera 2024rako negoziatuko litzateke, eta gainerakoa "zor gisa aitortuko litzateke".

Halaber, lantaldeak gaztetzea eskatzen dute, bai erretiroa aurreratuz, bai lanaldia murriztuz; lanpostuak egonkortzea; LEP eredua eguneratzea; eta benetako behin-behinekotasuna % 8ra murriztea. Izan ere, deitoratu dute irakasleen % 30 behin-behinekoa dela egun, eta hezkuntza berezian % 50era iristen dela zifra hori.

UGTk eta LABek ez dute grebarekin bat egin. Azken sindikatu horrek nahiago du asteazkenerako aurreikusita dagoen euskal sektore publikoaren grebaren alde egin.

Bildarratzek kritikatu duenez, grebak "hezkuntzarentzako eta familientzako zigor berezia" suposatzen du. Bildarratzen hitzetan, aldarrikapenak aurrera eramateko "beste modu batzuk badaude". Horregatik, "ezin da onartu ikastetxeek era horretan sufritu behar izatea", erantsi du.

Grebaren arrazoiekin "zur eta lur" agertu da agintaria. Iragan maiatzean sindikatuekin adostutako akordioa gogora ekarri du buruzagiak. Zentzu horretan, "gauza bat eta kontrakoa ezin dira aldi berean esan", azpimarratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilbo Donostia ELA Grebak Euskal Eskola Publikoa Ekonomia Eguneko albisteak Gasteiz Albisteak Hezkuntza CCOO Steilas