Ekonomia -
Lan-gatazka
Bilbobuseko langileek bederatzi lanuzte partzial egingo dituzte, eta 24 orduko greba San Tomasen
Lau orduko lanuzteak datorren astelehenean hasiko dira, eta azaroaren 2, 6, 16, 22, 27 eta 29an eta abenduaren 4 eta 12an errepikatuko dituzte. 07:00etatik 11:00etara eta 17:00etatik 21:00etara izango dira.
EITB Media
Bilbobuseko langileek hamar greba eta mobilizazio egun abiatuko dituzte astelehenean, hilaren 23an, hitzarmen kolektiboaren alde. Bederatzi egunetan, hiri-garraioko enpresa publikoko langileek lau orduko lanuzte partzialak egingo dituzte, eta abenduaren 21ean 24 orduko greba egingo dute, amaitzeko, Bilboko San Tomas azokarekin batera.
Deialdia batzarrean erabaki dute, "hitzarmen kolektiboaren negoziazioa blokeatuta" dagoelako eta eskubideak eta erosteko ahalmena mantentzearen alde daudelako, UGT Euskadi sindikatuak ohar baten bidez jakinarazi duenez.
Honenbestez, Bilbobuseko langileek lau orduko lanuzteak egingo dituzte datorren astelehenetik aurrera, 07:00etatik 11:00etara goizean eta 17:00etatik 21:00etara arratsaldean.
Bi protesta, egunero
Lanuztea dagoen egunetan, bi manifestazio egingo dira. Goizekoa 08:00etan hasiko da, Elorrietako garajeetan, eta, amaitzeko, elkarretaratzea egingo dute Bilboko udaletxeko eskaileretan.
Era berean, arratsaldean egingo den manifestazioa 18:00etan abiatuko da Intermodaletik, eta Plaza Biribilean egingo den elkarretaratzearekin amaituko da.
Azarorako, lanuzteak 2, 6, 16, 22, 27 eta 29rako deitu dituzte. Abenduan, hilaren 4an eta 12an errepikatuko dira.
Azken mobilizazioa abenduaren 21ean egingo dute, eta 24 orduko lanuztea izango da, Bilboko San Tomas azokarekin batera egingo dutena.