Ekonomia -
Elkarrizketa Radio Euskadin
2024rako aurrekontuak % 5eko igoera izango duela baieztatu du Azpiazuk, osasuna eta hezkuntza indartuta
Ekonomia eta Ogasun sailburuak jakinarazi du datorren asteko gobernu bileran onartuko dutela proiektua. "Bistan denez, osasuna indartuko dugu, eta hezkuntzak baliabide gehigarri garrantzitsuak izango ditu. Gazteria babesteko neurriak ere aurreikusita ditugu, besteak beste", zehaztu du.
Eider Garaikoetxea O. | EITB Media
Pedro Azpiazu Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun sailburuak baieztatu duenez, 2024rako aurrekontuen proiektuak "gutxi gorabehera % 5eko" igoera jasoko du, lehendakariak iragarritakoaren ildotik. Datorren urteko kontuek, Azpiazuren aburuz, "Jaurlaritzaren lehentasunei erantzuna emango diete".
"Bistan denez, osasuna indartuko dugu, Jaurlaritzaren konpromisoa delako; hezkuntzan baliabide gehigarri garrantzitsuak egongo dira eta gazteei zuzendutako politikak ere baditugu, jaiotza tasaren eta berrikuntza alorrekoak... Etxebizitzak birgaitzeko konpromisoak ere baditugu, eta diru-sarrerak bermatzeko errentak igoera nabarmena izango du 2024an", zehaztu du Radio Euskadiko "Boulevard" saioan egin dioten elkarrizketan.
Aurreratu duenez, Jaurlaritzak datorren asteartean, hilak 24, onartuko du proiektua gobernu bileran, eta ostiralean eramango dute Legebiltzarrera. Aurreikuspenen arabera, "abendu amaieran onartuta izango dugu", esan du. Oposizioko taldeen balizko babesen inguruan galdetuta, Azpiazuk aitortu du "zaila" izango dela, hauteskunde urtea izanik, "taldeek ezberdin jokatzen" dutelako.
Datorren urterako dauden hazkunde aurreikuspenak ere hizpide izan ditu sailburuak. 2024an ekonomia % 2,1 haztea espero du Jaurlaritzak. "Tasa apalak dira, bai, baina enplegua sortzen jarraitzeko aukera emango digutenak", arrazoitu du. Hala, nabarmendu du gobernua "nahiko pozik" dagoela datuokin, Europan dagoen ziurgabetasuna kontuan hartuta. Aitortu du Ekialde Hurbileko gerrak ziurgabetasuna eta zalantzak areagotuko dituela, eta hasiak direla nabaritzen "esportazioen halako moteltze bat". Dena dela, baikor agertu da: "EAEko ekonomia potentea da, industrian oinarrituta dago; hau apur bat berpizten bada, esportazioek gora egingo dute berriro".