Ekonomia -

AUZITEGI NAZIONALA

Iberdrolako bi zuzendarik ukatu egin dute argindarraren prezioa igotzeko "kontsignarik" zuela konpainiak

Iberdrolako lau arduradun eseri dira akusatuen aulkian, eta Ustelkeriaren aurkako Fiskaltzak bina urteko kartzela zigorra eskatzen du beraientzat. Gainera, ia 84,9 milioi euroko isuna eskatu du konpainiarentzat.

Akusatuak gaur hasi den Iberdrolaren aurkako epaiketan. Argazkia: EFE
Akusatuak gaur hasi den Iberdrolaren aurkako epaiketan
Akusatuak gaur hasi den Iberdrolaren aurkako epaiketan. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iberdrolako bi zuzendarik ukatu egin dute konpainiak argindarraren prezioa igotzeko "kontsigna edo estrategiarik" izan zuela 2013. urtean. Angel Chiarri (energia kudeatzeko zuzendaria) eta Gregorio Relaño (optimizazioaren, baliabideen kudeaketaren eta tradingaren arduraduna) auzipetuak izan dira, hain zuzen ere, gaur hasi den Ibedrolaren aurkako epaiketan deklaratzen lehenak.

Espainiako Auzitegi Nazionalean gaur goizean hasi da Iberdrolaren eta enpresako zuzendaritzako lau kide ohiren aurkako epaiketa, 2013an argindarraren prezioa manipulatzea leporatuta.

Epaiketaren lehen egun honetan, Chiarri auzipetuak adierazi du elektrizitatearen prezioa makina batek ezartzen zuela "automatikoki" eta Iberdrolak ezin zuela hori manipulatu.

Enpresako iturrien arabera, Iberdrolak modu egokian jokatu zuen, aurreikuspenarekin eta beti ere 2013ko lehortea aintzat hartuta. Gauzak horrela, epaiketa eremu teknikoan kokatu du, ez zigor arloan. "Ez dago energiaren prezioan irregulartasunik egon dela adierazten duen frogarik edo zantzurik", gaineratu dute iturriek.

Iberdrolaren kontrako epaiketa hasi da, 2013an argindarraren prezioa manipulatzea egotzita

Iberdrolaren ahozko epaiketa gaur hasi eta gutxienez abenduaren 1era arte luzatuko da Auzitegi Nazionalean, iturri judizialen arabera. Auzi honi lotuta, akusatuen aulkian eseriko dira Angel Chiarri eta Gregorio Relaño ez ezik, Jose Luis Rapun (aktiboen kudeaketaren arduraduna) eta Javier Paradinas (epe laburreko merkatuen eta sorkuntza globalaren arduraduna).

Ustelkeriaren aurkako Fiskaltzak bi urteko kartzela zigorra eskatu du horietako bakoitzarentzat, eta 12 hilabeteko inhabilitazio berezia kargu publikoak betetzeko eta energia elektrikoarekin lotutako lanpostuetarako.

Era berean, Ministerio Publikoak eskatu du Iberdrola konpainiari 84,9 milioi euroko isuna ezartzea —prezioak manipulatuta lortutako etekinaren laukoitza— eta lortutako irabaziak konfiskatzea.

Akusazio partikular gisa aurkeztu den Facua kontsumitzaileen eskubideen aldeko elkarteak, berriz, hiru urteko kartzela zigorra eskatu du zuzendari bakoitzarentzat, eta 107,5 milioi eurokoa multinazionalarentzat.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Auzitegi Nazionala berriak Iberdrola gaur Epaiketak albisteak Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak