Ekonomia -

AMIANTOA

Amiantoagatik itxitako CAFeko hiru pabiloiak zabaldu dituzte, abuztutik itxita egon ostean

Joan den astean egindako neurketen emaitzak onartutako mugetatik beherakoak izan ziren. Lanera buelta apurka-apurka egingo dute beharginek. Langile Batzordetik adierazi dutenez, ostegunean langileen batzarra egingo dute 09:00etan, eta 10:00etan, berriz, manifestazioa Beasaingo kaleetatik zehar.

CAFen Beasaingo lantegia, artxiboko irudi batean. EITB Mediako bideo batetik ateratako irudia
CAFen Beasaingo lantegia, artxiboko irudi batean
Amiantoagatik itxitako Beasaingo CAFeko hiru pabiloiak zabaldu dituzte berriro

0:37

M. D. | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Abuztuan amiantoagatik itxi zituzten CAFeko hiru pabilioiak berriz ireki dituzte gaur. Joan den astean ikuskapenak eta garbiketak egin zituzten, eta hala, gaurtik aurrera lanera itzuli dira beharginak, taldeka eta apurka-apurka itzuli ere. 

Langile Batzordetik adierazi dutenez, ostegunean, urriak 19, behin langile guztiak beharrera itzultzen direnean, langileen batzarra egingo dute 09:00etan. 10:00etan, berriz, manifestazioa izango da Beasaingo kaleetatik zehar. Protesta amaituta, 11:00etan, prentsaurrekoa egingo dute amiantoaren biktimen omenezko monolitoa dagoen tokian.

Beasaingo lantegiko 7, 8 eta 9 nabeak itxita egon dira hilabetetik gora, abuztuan amiantoa baimendutako mailatik gora neurtu zutelako. Langile batzordeak azaldu duenez, joan den astean egindako 68 neurketetatik, 62tan gutxienez maila normalak atzeman zituzten, "kalean ingurumen-neurketa batek emango lituzkeenen antzekoak".

Joan den astelehenean Osalanek eta CAFeko prebentzio arduradunek eta zuzendaritzak pabiloiak bisitatu zituzten. Biharamunean, ISS, Rossy eta Garbilan garbiketa enpresek nabeak garbitu zituzten, eta material berria eraman zuten, amiantoa topatu zutenean gauza asko zaborrera bota zituzten eta.

ELAk azaldu duenez, norbere babeserako ekipoak emango zaizkio eskatzen duenari.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gipuzkoako albisteak Lana berriak CAF Ekonomia Prentsa digitalaren azken orduko Beasain Albisteak Osasun albisteak Industria gaur Goierriko albisteak