Ekonomia -
Etxebizitza
Alokairua ordaintzeko laguntza berria emango du Eusko Jaurlaritzak, epemugarik gabe
Aurreikusitakoaren arabera, 18.000 pertsonak jaso ahalko dute laguntza. Orain arte diru-sarrerak bermatzeko errentarekin lotuta ematen zen etxebizitzarako laguntza ordezkatuko du prestazio berri horrek (2024ko apirilean desagertuko da beste hori).
EITB Media
Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailak dirulaguntza berri bat emango du aurki alokairu soziala eskuratzeko edota, halakorik ezean, hilero merkatu libreko alokairuzko etxebizitza bat ordaintzea errazteko. Euren egoera ekonomikoa tarteko etxebizitzarako eskubide subjektiboa aitortuta ez duten horiei zuzenduta dago.
Jaurlaritzak gaur onartu du, hain justu, eskubide hori arautzen duen dekretua, eta urriaren 25ean sartuko da indarrean. Iñaki Arriola Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio sailburuak gobernu bileraren osteko prentsaurrekoan azaldu ditu prestazio berri hori eskatzeko baldintzak eta xehetasunak. Aurreratu duenez, 18.000 pertsonari lagunduko dielakoan daude, hots, gaur egun baino 10.000 pertsona gehiagori.
Etxebizitza bat edukitzeko eskubide subjektiboa 2015eko legean zegoen jasota, baina ez zegoen araututa. Dena dela, azken zortzi urteotan pixkanaka-pixkanaka aitortu du eskubide hori: aurrena, hiru kide baino gehiagoko familiei eta, gerora, bi kideko eta pertsona bakarreko bizikidetza unitateei. Gaur-gaurkoz, 8.200 lagunek jasotzen dute etxebizitzarako laguntza.
Arauaren arabera, gizarte bazterketarako arriskuan dauden pertsonak "etxebizitza duin eta egoki" baterako eskubidea dute, eta Jaurlaritzari dagokio eskubide hori bermatzea.
Gaur onartu duten dekretuak laguntza eskatzeko baldintzak zehazten ditu. Apenas aldatu dira, baina bi moldaketa erantsi dituzte: laguntzak ez du epemugarik izango (etxebizitza prestazio osagarriak, adibidez, bi urteko muga du), eskatutako diru-sarrera maximoak igo dituzte (DSBEren legearekin bat egiteko) eta Etxebiden hiru urtez egon beharko da izena emanda (lehen lau ziren).
Arriolak azaldu du prestazio berri hau jaso behar dutenek eskaria bete egin behar dutela. Sei hilabeteko epean, egungo Etxebizitzarako Prestazio Osagarria (EPO) ordezkatuko du gaur iragarritako laguntzak, eta Eusko Jaurlaritzak trantsizio-plan berezi bat prestatu du, osagarri bat jasotzetik bestea jasotzera igarotzeko, hala dagokien kasuetan. Hala, urtebeteko epean automatikoki egingo da batetik besterako aldaketa. Epe horretan, hori bai, etxebizitzarako eskubide subjektiboa aitortzea eskatu beharko dute laguntza jaso nahi duten herritarrek.