Ekonomia -

Lan gatazka

Hiru eguneko greba hasi dute EAEko anbulantzia zerbitzuek

Grebaren lehen egunari dagokionez, ELAk "balorazio positiboa" egin du, nahiz eta gutxieneko zerbitzuak "gehiegizkoak" iruditu. Segurtasun Saileko iturriek jakitera eman dutenez, 75 manifestarik galarazi dute goizean aurreikusitako anbulantzien herena (60tik 40) Zorrotzatik (Bilbo) ateratzea.

Bi anbulantzia, Larrialdietan. Argazkia: @ELAsindikatua
Bi anbulantzia, Larrialdietan.
EAEko anbulantziek hiru eguneko greba hasi dute gaur

0:44

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Azken asteotako mobilizazioen ondotik, ELA, LSB-USO, LAB, UGT, CCOO eta ESK sindikatuek EAEko anbulantzia zerbitzuetan deitutako hiru greba egunetako lehena da gaurkoa. Asteazkenera arte luzatuko dira lanuzteak, hitzarmen berria lortzeko negoziazioan patronalaren "etengabeko blokeoa" salatzeko. % 100eko gutxieneko zerbitzuak izango dituzte larrialdietan, hemodialisirako garraioan, onkologikoan eta eguneko ospitaleetan, baita ospitaleen arteko zerbitzuan eta beste larrialdi mota batzuetan ere.

Deialdia egiteko zabaldutako oharrean salatzen dutenez, "negoziazio mahaiaren 25 bilera izan dira, eta hitzarmen autonomiko berria sinatzeko urte eta erdi baino gehiago igaro dira". Denbora honetan, anbulantzien patronalak "etengabeko blokeoari" eutsi dio, ez die erantzun sindikatuen aldarrikapenei, eta "hitzarmenaren negoziazioarekin zerikusirik ez duten sabotaje ekintzak baliatu ditu negoziazioa blokeatzeko". Besteak beste, honakoak eskatzen dituzte: garraio sanitarioko langileen baldintzak Osakidetzako langileen baldintzekin parekatzea, beharginen erosahalmenari eustea eta itundutakoa betetzeko bermea.

"Badakigu enpresari % 30 handitu zaiola finantzaketa lehiaketa berrian, eta langileek gehiago eta okerrago lan egin behar dutela hilaren amaierara iritsi ahal izateko: langileen soldaten egoera larriagotu egin da KPIaren gorakadarekin, eta % 12 inguruko erosahalmenaren galera metatu da soilik bi ekitalditan", azaldu dute.

Gainera, adierazi dute enpresek, lehiaketa publikoen finantzaketa ez ezik, lehiaketa pribatuen finantzaketa ere jasotzen dutela (futbol partidak, jaiak, kontzertuak, etab.). "Horietan, zerbitzua emateko erabiltzen dituzte baldintza agiriei atxikitako plantillak", salatu dute, "eta hori legez kanpokokoa da".

Grebaren lehen egunari dagokionez, ELA sindikatuak "balorazio positiboa" egin du ohar batean. "Administrazio publikoak ezarritako gutxieneko zerbitzuak gehiegizkoak diren arren, sektoreak mobilizatzeko gaitasuna erakutsi du", azpimarratu du sindikatu abertzaleak.

Segurtasun Saileko iturriek jakitera eman dutenez, 75 manifestarik galarazi dute gaur goizean osasun-garraioko zerbitzua normaltasunez eskaintzea, aurreikusitako anbulantzien herena (60tik 40) Zorrotzako basetik (Bilbo) ateratzen utzi ez dutelako.

Horrela, iturri berdinen arabera, Eusko Jaurlaritzako Lan Sailak premiazko eta programatutako garraio zerbitzurako ezarritako gutxieneko zerbitzuak betetzea eragotzi dute. Araban eta Gipuzkoan, aldiz, "normaltasun osoz" bete dira gutxieneko zerbitzuak.

Indarkeria gaitzesteko deia egin du Osasun Sailak

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak dei egin die osasun-garraioan lanuzteak deitu dituzten sindikatuei publikoki adieraz dezaten sare sozialen bidez indarkeria erabiltzeko anonimoki egin diren deialdien gaineko gaitzespena. Izan ere, dei horietan pertsonen eta ondasunen aurkako indarkeria lanuzteen babes gisa erabiltzera bultzatzen da.

Ohar baten bidez, Osasun Sailak azaldu du bideo horietan hau baieztatzen dela: "4. motako armak eta beheragoko mailetakoak erabiltzea" (besteak beste, "labanak, bateak, gasolina eta molotov koktelak" greban baimenduta daudela eta "enpresen ondasunen aurkako (zerbitzuaren esleipendunak)edozein delitu legezkoa" izango dela.

Osasun Sailak ohartarazi duenez, lanuzteak eta grebak deitzea "inork zalantzan jartzen ez duen langileen eskubidea da", baina zehaztu duenez, "onartezina da pertsonen eta ondasunen aurkako indarkeria erabiltzeko deia egitea". Bere hitzetan, "negoziazio kolektiboan inplikatutako alderdi guztien gaitzespena jaso behar du, aringarririk gabe".

Azkenik, argi utzi du Osasun Sailak uneoro bermatuko duela paziente guztien osasun-laguntza, eta "pertsona kalteberentzat, bereziki beharrezkoa" den zerbitzu hori zainduko duela. 

ELAk argitu du ez duela bideoarekin zerikusirik

ELA sindikatuak, bestalde, bideoa sare sozialetik kentzeko eskatu eta argitu du ez duela horrekin zerikusirik. "Mezuak ez du langileon greba ordezkatzen", esan du sare sozialen bidez.

Ordu batzuk geroago, ohar batean, sindikatu abertzaleak "greba borrokarako tresna gisa irmo" defendatu du. "Hori da langileriaren tresnarik eraginkorrena bere interesen alde borrokatzeko", nabarmendu du. "Hori horrela izanik", argi utzi du ez datorrela bat "azken egunetan argitaratutako bideoekin, mezuekin eta indarkeriazko ekintzekin".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza ELA LAB Grebak Euskal Autonomia Erkidegoa Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Sindikatuak UGT Lan gatazkak ESK