Ekonomia -

Lan istripua

Barakaldoko auzokide bat hil da Zaragozan lan istripuz

Ezbeharra joan den asteazkenean jazo zen. La Puebla de Albortoko parke eolikoan lanean zebilela, zama bat gainean erori zitzaion 58 urteko gizonari. Lan prekarietatea salatzeko elkarretaratzea deitu dute astelehen honetarako Barakaldoko hainbat elkarte sozial eta sindikalek.

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

58 urteko Barakaldoko bizilagun bat hil zen joan den asteazkenean La Puebla de Albortoko parke eolikoan izandako lan istripuz, Zaragozan, Berri-Otxoak Bazterketa Sozialaren Aurkako eta Eskubideen Aldeko Plataformak jakitera eman duenez.

Vallarin Garabiak Logroñoko enpresaren gidaria zen hildakoa. Zirga bat apurtuta, zama bat gainean erori zitzaionean hil egin zen behargina.

"Lan istripuen errealitate mingarriaren aurrean", Barakaldoko hainbat elkarte sozial eta sindikalek elkarretaratzea deitu dute astelehen honetarako, urriak 9, Barakaldoko Bide Onera Plazan, 19:00etan, "Lan prekarietateak hiltzen du. Lan istripurik ez!" lemapean.

Azpikontratazioak, prekarietatea, prebentzio neurri falta edo "segurtasun neurrietan inbertsio eza nagusi direnean, lanpostuetan heriotzak izaten" direla salatuko dute biharko protestan. Deialdiaren antolatzaileen iritziz, "horrekin ere lotura dute lan-erritmo handiek edo ekoizpen maila ikaragarriek eragindako estres egoerek".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Lan-istripuak Barakaldo Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Aragoi albisteak