Ekonomia -
Lan-gatazka
Grebaren jarraipena % 60koa izaten ari da Bizkaiko ostalaritzan, sindikatuen arabera
ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek hitzarmen berria eskatzeko deitu dute gaurko lanuztea, baita hilaren 11rako eta 12rako iragarrita dauden beste biak ere. Datorren astelehenean egitekoak diren bileran negoziazioei berriro heltzea onartu du sektoreko patronalak.
EITB MEDIA
ELA, CCOO, LAB eta UGT sindikatuen arabera, Bizkaiko ostalaritzako grebaren jarraipena % 60koa izan da, batez ere Bilboko hoteletan eta kolektibitateetan. Hitzarmen sektoriala berritzeko negoziazio-mahaia desblokeatzea eskatzeko hilabete honetan deitu dituzten hiru greba-egunetatik lehenengoa da.
Lanuzteak eragina izan du Bilboko hainbat hoteletan, itunpeko 20 bat ikastetxetako jantoki zerbitzuan eta Bilboko Aireportuko kafetegietan, ELAk ohar bidez jakinarazi duenez.
Sindikatu horiek sektorearen lan-hitzarmena berritzeko negoziazioetan dagoen blokeoa salatu nahi dute lanuztearekin. Horien hitzetan, "hitzarmenak 2020. urtetik darama iraungita, ordutik ez da soldata igoerarik hitzartu, eta 2023ko otsailetik ez da negoziazio-mahairik bildu". Gaurko grebaz gain, beste bi daude deituta urriaren 11rako eta 12rako.
ELAren arabera, gaurko grebak Bilboko Indautxu, Ercilla, Miro eta Mercure hoteletan izan du eragina, baita Basauriko Sidenor enpresako eta Portugaleteko San Roque eguneko zentroko sukaldeetan ere. Era berean, Bilboko Aireportuko kafetegiak "ia erabat itxita" egon dira, eta lanuzteak eragin zuzena izan du itunpeko sareko 20 bat ikastetxetan.
Egun osoan Bizkaiko hiriburuko hainbat hotelen aurrean egindako elkarretaratzeetako batean, sindikatuetako ordezkariek baieztatu dute patronalak, Bizkaiko Ostalaritza Elkarteak, sindikatuek proposatutako bilerara joatea onartu duela. Bilera datorren astelehenean izango da, 12:00etan, Lan Harremanen Kontseiluaren Bilboko egoitzan.
Mobilizazioei dagokienez, ordezkariek eta langileek elkarretaratzeak egin dituzte Bizkaiko hiriburuko hotelen aurrean, Sercotel edo Indautxu hotelen aurrean besteak beste, eta kalejira egin dute taberna eta jatetxe gehien dauden kaleetako batzuetan, Ledesma kalean, esaterako.
Bizkaiko Ostalaritzaren hitzarmenak 25.000 langile ingururi eragiten die, eta horienk % 65 inguru emakumeak dira. Horrek agerian uzten du sektore feminizatua dela, batez ere hoteletako kolektibitateetan eta pisu-zerbitzarietan, non "prekarietatea eta zerbitzuen azpikontratazioa" pilatzen diren, Marije Fernandez ELAko ordezkariak azaldu duenez.