Ekonomia -
GHE BEHIETAN
Gipuzkoako Aldundia abelburuei eragiten dien GHE gaitzari aurre egiteko laguntza gehiago aztertzen ari da
Neurri zehatzak, baina, ez dituzte aditzera eman, eta beste bilera bat deitu dute datorren asteko astearterako. Orain arte, Gipuzkoako Foru Aldundiak bere gain hartu ditu gaixotasuna sendatzeko botiken gastuak; ez, ordea, albaitarien irteerak edo bestelako gastuak.
ANE SANTESTEBAN | EITB MEDIA
Behien gaixotasun hemorragiko epizootikoaren eragina azkar batean zabaltzen ari da Gipuzkoan, eta gaur batzartu dira Foru Aldundia, albaitariak eta sektoreko ordezkariak egoera aztertzeko. Orain arte gaixotasuna sendatzeko botiken gastuak bere gain hartu ditu Aldundiak; ez, ordea, albaitarien irteerak edo bestelako gastu-ordainak.
Aldundiak neurri berriak hartzeko prestutasuna erakutsi du, nahiz eta ez duen neurri horiek zeintzuk izango diren aurreratu, eta beste bilera bat deitu du datorren asterako.
Kasuak Gipuzkoa osora zabaldu dira. Mikel Azpiri Nekazaritzako eta Abeltzaintzako Sustapen eta Osasun Zerbitzuburuak Euskadi Irratiko "Faktoria" saioan azaldu duenez, gaitza oso azkar ari da hedatzen, eta, bildutako azken datuen arabera, 278 kasu dituzte baieztatuta 132 ustiapenetan. Hildako abelburuak 14 izan dira, baina Aldundiak uste du benetako kopurua askoz handiagoa izan daitekeela.
EHNE sindikatutik, Garikoitz Nazabalek kalte ordainak eskatu ditu, galerak izaten ari diren abeltzainentzat. Eta informazio gardenaren premia ere azpimarratu du.
Sindikatutik, gainera, Eusko Jaurlaritzari eskatu diote hiru lurraldeetan irizpide berak hartzeko; izan ere, gaitzak gogorren Gipuzkoan jo badu ere, ez da baztertzen Bizkaira eta Arabara ere zabaltzea.
Behi-haziendari eragiten dion Gaixotasun Hemorragiko Epizootikoa (GHE) berria da, eta abeltzaintzaren sektorearentzat beste kolpe bat izan dela aitortu dute. Abeltzainek zenbatu ezin diren kalteez hitz egiten dute, hala nola txahalen galeraz edo abeltzainek behiak ez deshidratatzen eta zaintzeko egin beharreko gehiegizko ahaleginaz. EHNEk uste du, laguntzarik ezean, ustiategi askorentzat hondamendia izango dela.
Abelburu askok sintomarik gabe pasatzen badute ere, badaude gaizki pasatzen dutenak, baita hiltzen direnak ere.
Culicoides generoko bektoreek transmititzen dute, eta ez die pertsonei eragiten, ezta haragiaren kalitateari ere. Albaitariek diote gutxi dagoela egiteko, eta ezinbestekoa dela aziendaren gainean egon eta ondo ikuskatzea.