Ekonomia -

Familien ekonomia

Udazkeneko aldapa: emango al digu ekonomiak arnasa laster?

Erosketak, gasolina, hipotekak... Oinarrizko gastuek geroz eta gehiago estutzen dituzte familiak eta, itxura guztien arabera, udazkeneko diru-sarreren zati handi bat horiek asetzera bideratu beharko da. Ekonomista batekin hitz egin dugu tunelaren bukaeran argirik ikusi ote daitekeen jakiteko.

Oinarrizko gastuek itota dituzte familia asko. Foto: EITB Media.
Oinarrizko gastuek itota dituzte familia asko. Foto: EITB Media.
Oinarrizko gastuek itota dituzte familia asko. Foto: EITB Media.

A.A.E. | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Oporren amaiera eta ikasturtearen hasiera zaila izaten ari dira familia askorentzat ekonomiaren aldetik begiratuta. Eskolara itzultzeko gastuei, elikagaien, elektrizitatearen, erregaien eta hipotekaren prezioen igoerak gehitu behar zaizkie. Modu duinean bizitzeko, gero eta diru gehiago behar dugu, eta honek amaierarik ba ote duen galdetzen hasita daude asko eta asko.

Atalka aztertuta, hipotekei dagokienez, adituek ez dute uste datozen hilabeteetan behera egingo dutenik. Euriborrak, hipoteka aldakor gehienetan erabiltzen den erreferentzia-tasak, urte eta erdi darama goranzko bidean, eta iraila % 4,15ean amaitu du, 2008ko azarotik izan duen mailarik altuenaren inguruan. Ondorioz, hilabete honetan hipoteka berrikusi behar dutenei berriz ere garestituko zaie hileko kuota, nahiz eta igoera hori iazkoa baino txikiagoa izango den.

Udan, Europako Banku Zentralak (EBZ) interes-tasaren igoerak eten zitzakeela eta horrek euriborraren gorakada geldiaraziko zuela uste zen. Baina ustea ustel suertatu zen, eta irailaren erdialdean, tipoak % 0,25 igotzea eta % 4,5ean kokatzea erabaki zuen. Ondorioz, euriborrak igotzen jarraitu du ordutik.

Endika Alabort ekonomialariarekin aztertu dugu egoera. Azaldu digunez, EBZk inflazioa murrizteko egin ditu interes-tasen igoera horiek, hau da, prezioen igoera murrizteko. Hala ere, ez dela bere helburua lortzen ari eta estrategia aldatu beharko lukeela uste du. Ildo horretan, hurrengo hilabeteetan tasak igotzeari utz diezaiokeela iragarri du. Horrek epe ertain batean izan dezake eragina euriborrean.

Prezioen igoera: Zer ari da gertatzen? Jaitsiko al dira?
Prezioen igoera: Zer ari da gertatzen? Jaitsiko al dira?
Prezioen igoera: Zer ari da gertatzen? Jaitsiko al dira?

3:20

Hipotekaren kuota ez da goranzko joera daraman bakarra. Erregaien prezioak ere garestitu egin dira udako hilabeteetan. Zehazki, gasolina % 10,5 garestitu da uztailaren hasieratik. Une honetan, litroa 1,759 euroan dago, 2022ko azarotik izan duen preziorik altuenean, baina garai hartan artean indarrean zegoen Espainiako Gobernuak ezarritako litroko 20 zentimoko hobaria. Gasolioaren prezioa are gehiago igo da azken asteetan, uztailaren hasieratik % 17.

Prezioaren goranzko joera hori petrolioaren garestitzeak bultzatu ohi du nagusiki, baina kontuan hartu behar dira, halaber, zergak, logistika eta abar. Izan ere, petrolio gordinaren kotizazioa ez da berehala nabaritzen prezioetan. Hain zuzen ere, joan den ostegunean, irailak 28, Brent upelak 95,14 dolarrean itxi zuen eguna, uztailean baino garestiago; uztailaren 3an, adibidez, 74,93 dolarrean zegoen. Hori ikusita, pentsa daiteke hurrengo hilabeteetan prezioak gora egin dezakeela.

Alaborten iritziz, kasu honetan, erregai fosilen prezioa ez da epe luzera jaitsiko, horien kopurua gero eta txikiagoa baita. Hala ere, Lurralde Petrolio Esportatzaileen Erakundean (LPEE) ere jarri nahi izan du arreta, horrek erabakitzen baitu une bakoitzean zenbat petrolio ekoizten duten, eta, beraz, azken prezioan eragina izaten du.

Erregaien prezioen bilakaera

Familien beste gastu handienetako bat erosketa-saskia izaten da, eta horrek ere ez du etenik izan azken urtean. Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Erakundeak (OCU) txosten bat argitaratu zuen joan den ostegunean, azken urtean erosketa-saskia % 14,1 garestitu dela adieraziz.

Olioa, azukrea, arroza, patatak... Hainbat izan dira urtebetean asko garestitu diren elikagaiak. Erregaien eta energien prezioak gora egiten jarraitzen badute eta lehorteak bere horretan jarraitzen badu, ez du ematen epe ertainean erosketa-saskia merkatuko zaigunik. Hala ere, ez da hori prezioen garestitzearen faktore bakarra Alaborten arabera. Horren ustez, banaketa-enpresa askok kontsumitzaileei aplikatu die izan duten gastuen igoera, euren produktuak garestitu baitituzte euren gastuen igoerari aurre egiteko.

Amaitzeko, ekonomialariaren aburuz, prezioen joera hau gelditzeko aukera gutxi dituzte gobernuek. Horren aburuz, sistema osoaren egitura aldatu behar da benetako aldaketak nabaritzeko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Krisi ekonomikoa gaur Hipotekak berriak Albisteak KPI Ekonomia Eguneko albisteak Elektrizitatea azken ordukoa Erregaiak Erosketa saskia Europako Banku Zentrala