Ekonomia -
Lan-istripua Araban
Dolua Lantziegon, Crespo Zabala upategiko bi langile hil eta bat zauritu ostean
Langileetako bat ardoa egiteko edukiontzietako batera erori zen atzo eguerdian. Lankideak laguntzera joan ziren, eta, anhidrido karbonikoa arnastuta, hil egin ziren. Hildakoak koinatuak ziren, eta oso ezagunak herrian.
agentziak | eitb media
Hiru dolu egun ezarri dituzte Lantziegon (Araba) Crespo Zabala upategian atzo, igandearekin, izandako lan istripuan hildako bi beharginengatik. Beste langile bat zauritu egin zen.
Hildakoak 60 eta 61 urteko bi gizonezko dira, koinatuak. 31 urteko beste bat zaurituta eraman zuten Logroñora, eta ospitaleratu egin zuten.
Istripua atzo eguerdian jazo zen Crespo Zabala upategian. Ikertzen ari diren arrazoiak tarteko, langileetako bat ardo edukiontzi batera erori zen, eta lankideek anhidrido karbonikoa arnastu zuten, hari laguntzen saiatu zirenean. Bi behargin hil ziren.
Arabako Aldundiko Nekazaritza Saileko eta Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Saileko iturrien arabera, 13:30 aldera deitu zuten larrialdi zerbitzuetara hiru pertsona zaurituta edo egoera txarrean zeudela ohartarazita.
Anbulantziak bertaratu zirenean, horietako biren heriotza baieztatu zuten. Hirugarren langilea helikopteroz eraman zuten Logroñoko ospitale batera.
Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusiak txio batean agertu zuen heriotzek eragin dioten "mina", eta elkartasuna helarazi zien senide eta gertukoei.
Arratsaldean, ezohiko udalbatza egin zuten, eta Udalak hiru dolu egun ezarri zituen.
Zer da "ardoaren bafada"?
Mikel Garaizabal enologoak EITB Mediari azaldu dionez, ardoaren edo sagardoaren hartziduran sortzen den gasari esaten zaio "ardoaren bafada". "Anhidrido karbonikoa edo karbono dioxidoa da, oso toxikoa, eta alkohola irakiten denean sortzen da", adierazi du.
Lantziegoko beharginak ardo edukiontzi batera erori ziren. Garaizabalen aburuz, "lehenik eta behin, konortea galduko zuten, anhidrido karbonikoaren ondorioz oxigenorik ez dagoelako, eta gero, zoritxarrez, hil egingo ziren". "Oso gas arriskutsua da, eta upategia oso aireztatuta egon behar da, anhidrido karbonikoa lurrundu dadin", gaineratu du.