Ekonomia -

Lan-istripua

Bi pertsona hil dira lan-istripuz Lantziegoko ardo upategi batean

Langileetako bat ardoa egiten den edukiontzietako batera erori da. Lankideak laguntzen saiatu dira, baina anhidrido karbonikoa arnastu dute, eta bi hil egin dira. Hildakoak koinatuak ziren.

Lantziegoko upategi batean gertatu da istripua. Argazkia: EFE
Lantziegoko upategi batean gertatu da istripua. Argazkia: EFE
Lantziegoko upategi batean gertatu da istripua. Argazkia: EFE

agentziak | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

60 eta 61 urteko bi pertsona hil dira eta 31 urteko beste bat zaurituta eraman dute Logroñoko ospitalera Lantziegoko upategi batean gertatu den lan-istripu batean. Hildakoak koinatuak ziren. 

Arabako Aldundiko Nekazaritza Saileko eta Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Saileko iturrietatik jakinarazi dutenez, 13:30 aldera deitu dute larrialdi zerbitzuetara hiru pertsona zaurituta edo egoera txarrean zeudela ohartaraziz.

Anbulantziak bertaratu direnean, horietako biren heriotza baieztatu dute. Hirugarren langilea helikopteroz eraman dute Logroñoko ospitale batera.

Ardoa ekoizten duen upategi batean izan da ezbeharra. Dirudienez, langileetako bat ardo edukiontzi batera erori da, eta lankideek, laguntzen saiatu direnean, anhidrido karbonikoa arnastu dute. Azkenean, bi langile hil dira. Ikerketa abiatu dute jazoeraren nondik norakoak argitzeko.

Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusiak txio batean agertu du heriotzek eragin dioten "mina", eta elkartasuna helarazi nahi izan die senide eta gertukoei.

19:00etan ezohiko udalbatza egin dute eta Udalak hiru dolu-egun deitu ditu.

Banderak haga erdira Lantziegon. Argazkia: EFE

Zer da "ardoaren bafada"?

Mikel Garaizabal enologoak EITB Mediari azaldu dionez, ardoaren edo sagardoaren hartziduran sortzen den gasari esaten zaio "ardoaren bafada". "Anhidrido karbonikoa edo karbono dioxidoa da, oso toxikoa, eta alkohola irakiten denean sortzen da", adierazi du.

Lantziegoko beharginak ardo-edukiontzi batera erori ziren. Garaizabalen aburuz, "lehenik eta behin, konortea galduko zuten, anhidrido karbonikoaren ondorioz oxigenorik ez dagoelako, eta gero, zoritxarrez, hilko ziren". "Oso gas arriskutsua da, eta upategia oso aireztatuta egon behar da, anhidrido karbonikoa lurrundu dadin", gaineratu du.  

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Lan-istripuak Araba Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Nekazaritza Arabako Errioxa azken ordukoa