Ekonomia -

LAN-GATAZKA

Euspeleko eta Eusko Jaurlaritzako ordezkariak datorren ostegunean bilduko dira, negoziatzen jarraitzeko

Euspel sindikatuak jakitera eman duenez, "azkenaldiko mugimenduak" ikusita, ez dute "baikor" egoteko arrazoirik. Horregatik, urriaren 16rako Bilbon deituta duten manifestazioari eutsi egingo diotela ziurtatu dute.

Artxiboko irudia
Artxiboko irudia
Artxiboko irudia

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak datorren ostegunerako deitu ditu Euspel sindikatuko ordezkariak, Ertzaintzaren lan-baldintzen inguruan negoziatzen jarraitzeko. Sindikatuak argi utzi du bere eskariei eusten diela, eta "lan-hitzarmena puntuz puntu berritzea" nahi dutela.

Oraingoz, baikortasunerako zantzurik ez dagoela ziurtatu du Euspelek, eta horregatik, urriaren 16rako Bilbon deituta duten manifestazioari eutsi egingo diote. Besteak beste, "azken hamarkadan galdutako erosahalmena berreskuratzea" eskatzen du sindikatu honek. Salatu duenez, eskumen gehien dituen erkidegoetako bat izan arren, "Euskadiko poliziak ditu ordainsaririk okerrenak".

Hitzarmena berritzeko Euspelek mahai gainean jarri duen proposamenean jasota dauden eskariak zein Ertzainak Gatazkan plataformak Segurtasun Sailari igorritakoak, denak betetzea eskatuko dute osteguneko hitzorduan.

Bestalde, batzarrera gehienez sindikatuko bi ordezkari joatea eskatu badu ere Jaurlaritzak, Euspelek ohartarazi du "beharrezkoak direnak" joango direla.

Joan zen ostiralean, Josu Erkoreka lehendakariorde eta Segurtasun sailburua eta ErNE, ESAN eta SiPE Ertzaintzako sindikatuak hiru orduz baino gehiagoz egon ziren bilduta, azken hilabeteetan lehertu den barne gatazka bideratzeko helburuz.

Zentral sindikalek azaldu zutenez, Segurtasun Sailarekin "puntu komunak" ikusi zituzten Ertzaintzaren egungo egoeraren diagnosiaren inguruan, baina jarrerak "oso urrun" daude oraindik lan gatazkari dagokionez. 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Ertzaintza Eusko Jaurlaritza Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Manifestazioak Lan gatazkak Sindikatuen albistea