Ekonomia -
Lan gatazka
EAEko hezkuntza publikoan beste greba egun bat deitu dute urriaren 24rako
Sektore publikoan urriaren 25erako eta abenduaren 19rako iragarrita dauden beste bi lanuzteei batuko zaie hirugarren hau. Irakasleei, Hezkuntza Bereziko langileei, sukaldariei eta garbitzaileei dago zuzenduta. LABek ez du deialdiarekin bat egin.
E. G. | EITB Media
Beste greba egun bat Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) ikastetxe publikoetan; oraingoan, urriaren 24an. Deialdia ELA, Steilas eta CCOO sindikatuek egin dute (ia % 60ko ordezkaritza dute sektorean), Bilbon egindako prentsaurreko batean iragarri dutenez.
Sektore publikoan urriaren 25erako eta abenduaren 19rako deituta dauden beste bi lanuzteei batuko zaie honako hau. Kasu honetan, unibertsitatekoak ez diren irakasleak (EHUn beste greba bat dago iragarrita, hilaren 11rako), Hezkuntza Bereziko langileak, sukaldariak eta garbitzaileak daude deituta.
Garbiñe Aranburu eta Igor Arroyo buru dituen LAB sindikatuak ohar bidez azaldu duenez, ez du urriaren 24ko deialdia babestuko. "Indarrak" jada iragarrita dauden beste deialdietan jarriko ditu, hots, urriaren 25eko, azaroaren 30eko (greba feminista) abenduaren 19ko deialdietan.
Miren Zubizarreta (ELA), Nagore Iturrioz (Steilas) eta Sonia Aldave (CCOO) izan dira prentsa aurrera irten direnak, eta mobilizazio egun horretarako dituzten aldarrikapenak azaldu dituzte bertan, "asko" direla zehaztuta. Adierazi dutenez, grebak hezkuntza publikoko langileen baldintzak "hobetzea" du asmo, eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari "hezkuntza politika prekarizatzaile eta pribatizatzailea alboratzea" eskatu diote. Halaber, "Madrilgo aurrekontuetan ezartzen diren mugak ontzat ez ematea" galdegin diote, soldatak eta egonkortze tasak EAEn bertan negoziatzeko.
Aldarrien artean, honako hauek ere badaude: lan-zama arintzea, egungo ikasleen errealitateari erantzuteko baliabide gehigarriak ematea, eta erosahalmena berreskuratzea. Horien esanetan, % 20 jaitsi da. Esan duenez, 2024rako % 10eko igoera negoziatu nahiko lukete, eta gainerakoa, "zor gisa aitortzea".
Nabarmendu dutenez, langileria gazteberritzeko garaia da, bai erretiroa aurreratuta, bai eta langile guztientzat jardunaldiaren "murrizketa errealak" gauzatuta. Horien ustez, premiazkoa da lanpostuak egonkortzea eta behin-behinekotasun erreala % 8ra jaistea: gaur-gaurkoz, % 30ekoa da irakasleen artean eta % 50ekoa Hezkuntza Berezian.
Halaber, hezkuntza sistema osoa euskaldunduko duen hezkuntza politikak ezinbesteko jo dituzte, eta hezkidetza proiektu "errealak" eskatu, "Euskal Eskola Publikoa tresna aparta baita matxismoa borrokatzeko".
Azkenik, Legebiltzarrean izapidetzen ari den hezkuntza legea hizpide salatu dutenez, bertan bildutakoek "ez dute zehaztasunik, ez dira nahikoak eta gaur hemen aldarrikatzen ari garen edukiei ez diete erantzuten".
LABek "zatiketa" kritikatu du, eta ez du deialdia babestu
LAB sindikatua urriaren 24ko deialditik kanpo geratu da. Ohar batean, sindikatuen arteko "zatiketa" salatu du eta deialdiarekin bat egingo ez duela iragarri. "LABekin adostasunak bilatzeko hasierako borondaterik ez dute izan eta LAB bazterrean uzten saiatu dira", kritikatu du. Sindikatu abertzaleak gainerakoei "adostasuna bilatzeko proposamen zehatza" egin badie ere, "zatiketa lehenetsi dute".
LABen ustez, greba deialdi berri honetan jasotako "aldarrikapen gehienak orokorrak dira, eta urriaren 25eko eta azaroaren 19ko aldarrikapenetan txertatuta daude". Hain justu, horietan eta azaroaren 30erako deituta dagoen greba feministan "indarrak" jarriko dituela azpimarratu du.