Ekonomia -
Aurreikuspen ekonomikoak
Eusko Jaurlaritzak % 1,7ra igo du Euskadiren aurtengo hazkundea, eta % 2,1era eutsi dio 2024an
Bigarren hiruhilekoa aurreikusitakoa baino dinamikoagoa izan da, eta, horren ondorioz, Eusko Jaurlaritzak hazkunde-aurreikuspenak igo ditu. Enpleguari dagokionez, Ekonomia sailburuak iragarri du 13.000 enplegu sortuko direla eta langabezia-tasa % 7,7ra jaitsiko dela.
EITB MEDIA
Eusko Jaurlaritzaren aurreikuspenen arabera, Euskadiko ekonomia % 1,7 haziko da aurten, eta % 2,1 datorren urtean. Gainera, bi ekitaldietan 13.000 enplegu sortzea espero da, eta langabezia-tasa % 7,7ra jaitsiko da 2023an eta % 7,0ra 2024an.
Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasun sailburuak gaur jakitera eman duenez, EAEko ekonomiaren hazkundeak gora egin du 2023an, zehazki, % 1,7ra, eta ekainean, berriz, % 1,6koa zen. Izan ere, bigarren hiruhilekoa aurreikusitakoa baino dinamikoagoa izan da. Gainera, 2024rako aurreikusitako hazkundeari (% 2,1) eusten dio.
Eusko Jaurlaritzak adierazi duenez, enplegua izango da biurteko honetako hazkundearen zutabeetako bat. Horrela, 2023an, 13.000 lanpostu inguru sortuko dira, eta beste 16.000 datorren urtean. Horri esker, 2023an aurreikusitako langabezia-tasa % 7,7koa izango da, eta datorren urtean % 7,0koa.
Azpiazuk inflazioaren moteltzea aurreratu du bi urte hauetan, bereziki 2024an, orduan % 2,0ko inflazio-tasara itzul baitaiteke. Termino arruntetan, BPG nominala % 5,4 haziko da aurten eta % 5,0 datorren urtean.
Azpiazuren arabera, "euskal ekonomiaren egoera sendoa da, baina egia da Europako ekonomiek bizi duten desazelerazio-prozesutik kanpo ez dagoela". Izan ere, Eustatek argitaratutako datuen arabera, 2023ko bigarren hiruhilekoan Euskadik bere hazkunde-erritmoa % 1,5era moteldu zuen, aurreko datua baino zortzi hamarren gutxiago eta 2022ko hiruhileko berean baino bost puntu gutxiago", adierazi du.
Halaber, sailburuak azaldu duenez, "Eustatek duela gutxi 2022ko kontu ekonomikoak eguneratu izanak adierazten du dezelerazio hori hasieran aurreikusi genuena baino nabarmenagoa dela. Egin daitekeen irakurketa positiboa da EAEko ekonomiak pandemia hasi aurreko BPGren maila berreskuratu zuela iazko bigarren hiruhilekoan, eta orain bi puntu gorago dagoela".