Ekonomia -

Batzarra

Ertzaintzako sindikatuek eta Segurtasun Sailak "puntu komunak" dituzte, baina jarrerak "oso urrun" daude

Josu Erkoreka Segurtasun sailburuak esan du hitz egiten jarraituko dutela "lan-baldintzak hobetzea ahalbidetuko duten akordioak lortzeko helburu partekatuarekin". Hurrengo bilerarako hitzordua jartzeko konpromisoa hartu dute aldeek.

Ertzainen protesta bat, Donostian. Argazkia: EFE
Ertzainen protesta bat, Donostian. Argazkia: EFE
Erkoreka itxaropentsu mintzatu Ertzaintzako sindikatuekin ''akordio puntualak'' lortzeko

1:20

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Josu Erkoreka lehendakariorde eta Segurtasun sailburua eta ErNE, ESAN eta SiPE Ertzaintzako sindikatuak hiru orduz baino gehiagoz bildu dira gaur, azken hilabeteetan lehertu den barne gatazka bideratzeko helburuz.

Zentral sindikalek EITBri azaldu diotenez, Segurtasun Sailarekin "puntu komunak" ikusi dituzte Ertzaintzaren egungo egoeraren diagnosiaren inguruan, baina jarrerak "oso urrun" daude oraindik lan gatazkari dagokionez. 

Edonola ere, bi aldeek hitz egiten jarraitzeko konpromisoa agertu dute, "pentsatzen dugulako merezi duela gatazka hau bideratzea", "gatazkak gizarte osoari" eragiten diolako, ertzainen ordezkarien esanetan. Horren harira, beste hitzordu bat jartzekotan geratu omen dira.

"Gaurtik aurrera, harremanetan jarraituko dugu, negoziazio kolektiboko foroetan biltzen eta hitz egiten, Ertzaintzako plantillaren lan-baldintzak hobetzea ahalbidetuko dituen akordioak lortzeko helburu partekatuarekin", adierazi du Erkorekak batzarraren ostean emandako perntsaurrekoan.

Dena dela, aitortu du "urrun" daudela oraindik "lan-hitzarmen berri baten negoziazioarekiko jarrerak", baina "distantzia horiek murrizten" ahaleginduko direla hitzeman du.

"Beharrezko topaketa izan da, oinarrizkoa den zerbait partekatu dugulako: elkarrizketaren bideari berriro ekiteko beharra", gaineratu du.

Azkenik, ia ordubetez hitz omen du "ertzainen aurkako erasoez", "diagnostikoa partekatu" dute, eta laster jarriko omen dituzte martxan zenbait ekintza.

Azken hilabeteetan, ertzainak kalera atera dira hitzarmen berri bat eskatzeko. Era berean, soldata igotzea eskatu dute, hobekien ordaindutako udaltzainekin parekatzeko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Ertzaintza Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Gizartea Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Sindikatuak Lan gatazkak