Ekonomia -

Batzarra

Ertzaintzako sindikatuek eta Segurtasun Sailak "puntu komunak" dituzte, baina jarrerak "oso urrun" daude

Josu Erkoreka Segurtasun sailburua eta ErNE, ESAN eta SiPE sindikatuak hiru orduz baino gehiagoz batzartu dira, eta hitz egiten jarraitzeko konpromisoa agertu dute.

Ertzainen ordezkariak, bilerara heltzen. EITB
Ertzainen ordezkariak, bilerara heltzen. EITB
Segurtasun Saila eta sindikatuak bat datoz elkarrizketaren premian, baina ''distantzia murriztu'' behar dute

1:17

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Josu Erkoreka lehendakariorde eta Segurtasun sailburua eta ErNE, ESAN eta SiPE Ertzaintzako sindikatuak hiru orduz baino gehiagoz bildu dira gaur, azken hilabeteetan lehertu den barne gatazka bideratzeko helburuz.

Zentral sindikalek EITBri azaldu diotenez, Segurtasun Sailarekin "puntu komunak" ikusi dituzte Ertzaintzaren egungo egoeraren diagnosiaren inguruan, baina jarrerak "oso urrun" daude oraindik lan gatazkari dagokionez. 

Edonola ere, bi aldeek hitz egiten jarraitzeko konpromisoa agertu dute, "pentsatzen dugulako merezi duela gatazka hau bideratzea", "gatazkak gizarte osoari" eragiten diolako, ertzainen ordezkarien esanetan. Horren harira, beste hitzordu bat jartzekotan geratu omen dira.

Bileraren ostean egindako prentsaurrekoan, Erkorekak esan du "positiboa" eta "beharrezkoa" izan dela, "oinarrizkoa den zerbait partekartu dugulako; elkarrizketaren bideari berriro heltzeko beharra".

"Gaurtik aurrera, harremanetan jarraituko dugu, negoziazio kolektiboko foroetan bilduz eta Ertzaintzako langileen lan baldintzak hobetzeko akordioak lortzeko helburu partekatuarekin hitz eginez", gaineratu du.

Sailburuak onartu duenez, "lan hitzarmen berri bat negoziatzeari dagokionez, jarrerak urrun daude oraindik, baina, gure aldetik, distantzia horiek murrizten ahaleginduko gara".

Azkenik, azaldu du "ia ordubetez" hitz egin dutela bileraren beste xedeaz, "Ertzaintzako agenteen aurkako erasoez", eta "diagnostikoa eta laster martxan jarriko ditugun ekintza batzuk egiteko beharra partekatu" dituztela.

Azken hilabeteetan, ertzainak kalera atera dira hitzarmen berri bat eskatzeko, eta soldata igotzea eskatu dute, hobekien ordaindutako udaltzainekin parekatzeko.

Ertzaintzan ordezkaritza duten lau sindikatu daude: ErNE, ESAN, SiPE eta Euspel. Azken hilabeteotan, mugimendu asindikal bat izan da mobilizazioen protagonista, 'Ertzainak gatazkan'.

Erkoreka itxaropentsu mintzatu Ertzaintzako sindikatuekin ''akordio puntualak'' lortzeko
Erkoreka itxaropentsu mintzatu Ertzaintzako sindikatuekin ''akordio puntualak'' lortzeko
Erkoreka itxaropentsu mintzatu Ertzaintzako sindikatuekin ''akordio puntualak'' lortzeko

1:20
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Ertzaintza Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Gizartea Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Sindikatuak Lan gatazkak